AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Beasain eta Bergara arteko bidesariaren kontra mobilizatu dira berriz ehunka lagun, Goierriko Kontseilu Sozialistak deituta

Bidesari berriaren ezarpena "bizitzaren garestitzearen beste adibide garbi bat" dela salatu dute Goierriko Kontseilu Sozialistako kideek. 'Bizitzaren garestitzea gelditu!' izeneko dinamikari ekingo diote orain; aurkezpen bat antolatu dute martxoaren 12rako, Beasainen.

Urtarrilaren 18an sartu zen indarrean Beasain (Gipuzkoa) eta Bergara (Gipuzkoa) arteko A-636 autobiako bidesari berria, eta ez dute etenik neurriaren aurkako mobilizazioek. Joan den larunbatean, otsailaren 19an, ehunka pertsona atera ziren kalera Beasainen, Goierriko Kontseilu Sozialistaren deialdiarekin bat eginda. Peajerik ez! Bizitzaren garestitzea gelditu aldarri hartuta mobilizatu ziren.

Kontseilu Sozialistako kideek nabarmendu zuten "bizitzaren garestitzearen beste adibide garbi bat" dela bidesari berria, eta "krisi kapitalistaren barruan" ari dela gertatzen bizimoduaren garestitze orokor hori. "Krisi testuinguruetan instituzio burgesek langileria kolpatzeko egiten duten politika azpimarratu nahiko genuke, eta bidesaria horren ondorioetako bat dela ikusten dugu", zioten.

EAJ dago Gipuzkoako Foru Aldundiaren agintean, eta "erantzule zuzen" gisara seinalatu zuten. Dena den, "gainontzeko alderdi politiko guztiak ere ez daude salbuetsita", Goierriko Kontseilu Sozialistako kideen esanetan. "Bidesariaren inposaketaren zein bizitzaren garestitzearen erantzule eta kolaboratzaile dira. Beraien politikak jatorrizko arazoa den gizarte kapitalistari aurre egitera bideratu beharrean, ezinezkoa den gizarte honen aurpegi soziala bultzatzen saiatzen dira, sortzen duen miseria betikotuz", salatu zuten.

Bidesari berria bezalako neurriak borrokatzeko modu bakarra antolakuntza komunista dela adierazi zuten berriz; "kasu hau ez baita kasu isolatu bat, eraso bat gehiago baizik". "Horiei aurre egiteko erantzun unibertsal bat beharrezkoa da", esan zuten.

Dinamika berria

Goierriko Kontseilu Sozialistak iazko azaroan hasi zuen bidesariaren aurkako lanketa, Deba Bailarako Kontseilu Sozialistarekin batera. Bi eskualdeetan egin dituzte bidesariaren kontrako mobilizazioak ordutik; hala nola, Bergaran, Beasainen, Antzuolan (Gipuzkoa) zein Urretxun (Gipuzkoa).

Goierriko Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, dinamika berri bati ekingo dio orain eskualdean, Bizitzaren garestitzea gelditu! izenpean. Jarri du aurreneko hitzordua jada: martxoaren 12an dinamika berria aurkeztuko du Beasaingo udaletxean, eta hitzaldi bat izango da jarraian. "Krisia, bizitzaren garestitzea eta inflazioa" landuko dituzte hitzaldian; "Zer dira? Nola lur hartzen dute? Zein eszenatoki datorkigu?".

Identifikazioak azken egunetan

Bestalde, Goierriko Kontseilu Sozialistak salatu du azken egunetan bederatzi pertsona identifikatu dituztela lan politikoa egiteagatik. Aurreko ostiralean Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitza nagusira (Donostia, Gipuzkoa) sartu ziren hainbat kide, bidesariaren aurka protesta egitera eta larunbateko manifestaziorako deia egitera. Ertzaintza bertaratu eta lau pertsona identifikatu zituen. Hurrengo egunean, aldiz, mobilizaziora deitzeko auto-karabana bat egin zuten, eta bost kide atxiki eta identifikatu zituzten ertzainek.

Laudioko Gaztetxeko ateak ireki dituzte berriz
Laudioko Udalak bi urtez mantendu du itxita Laudioko Gaztetxea, Lamuza parkeko lanak aitzakiatzat hartuta. Aste honetan zehar atontze-lanak egin ostean, ordea, gaztetxeko kideek berriz ireki dute espazioa. Adierazi dute, eskubide politikoen defentsan, antolakuntza indartzeko espazio politikoak behar dituztela Laudioko gazteek.