AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Benta Berriko etxegabetze bat salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko

Kaleratzeak Stop plataformak, Azoraren Maizterrek eta Alokairu bizilagunen elkarteak egin dute deialdia hilaren 11rako. Donostiako Andia kalean izango da protesta, Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean. Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitza batean bizi den pertsona baten "etxebizitza eskubideak" aldarrikatuko dituzte; izan ere, bere etxetik kanporatua izateko arriskuan dago.

Hainbat eragilek Donostiako (Gipuzkoa) Benta Berrin gauzatu daitekeen etxegabetze bat salatzeko elkarretaratzea deitu dute biharko, hilak 11. Kaleratzeak Stop plataformak, Azoraren Maizterrek eta Alokairu bizilagunen elkarteak Irutxuloko Hitza-ri jakinarazi diotenez, epaitegiek ohiko funtzionamendua berrartu zuten hilaren 4an, eta horren ondorioz, etenda zeuden hainbat prozedura martxan jarri dituzte berriro. Horien artean, Victoria izeneko bizilagun baten kasua nabarmendu dute: Testa Socimi-Blackstone putre funtsak bere aurka ezarritako salaketak aurrera darrai, eta kaleratua izateko arriskuan dago.

Ekainaren 16rako ezarri dute Victoriaren aurkako ahozko epaiketa, eta etxegabetzea, berriz, irailaren 9rako aurreikusi dute.

Benta Berriko babes ofizialeko etxebizitzek 2028. urtera arte baino ez dute mantenduko babestu izaera. Hortaz, Kaleratzeak Stop plataformak, Azoraren Maizterrek eta Alokairu bizilagunen elkarteak salatu dutenez, Victoriak bizi duen egoerak argi erakusten du "putre funtsaren jarrera nolakoa izango den" 2028. urtea iritsi eta Benta Berriko etxebizitzak Eusko Jaurlaritzaren eskumenetik kanpo geratzen direnean.

Eragile horietako kideek adierazi dute Testa Socimi-Blackstonek ez diola Victoriari "etxebizitzarako bestelako aukerarik eman". Gainera, joan den abenduan nahiz salbuespen egoeran zehar azaldu diote funtsari zonaldean bi etxebizitza daudela hutsik. Pisu horien alokairua 450 euro ingurukoa da, eta "Victoriak hori ordaintzeko ahalmena" izan arren, funtsak ez du aukera hori aintzat hartu. Donostiako Udalari eta Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko ordezkariari ere eman diete aukera horren berri.

Aurten 68.000 langilek galduko dute lanpostua Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Eusko Jaurlaritzaren arabera
Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Ekonomia Sailaren arabera, aurten 68.000 behargin sartuko dira langabezian Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, Barne Produktu Gordina %8,7 jaitsiko omen da. Egoera horren aurrean, administrazio publikoaren zorpetzearen alde lerratu da Jaurlaritza, zorpetzearen inguruko datu zehatzik eman gabe; "diskrezioaren" argudioa erabili du horretarako. Zorrari aurre egiteko bideak aipatu ez baditu ere, 2021eko gorakada ekonomikoa izan du hizpide. "Sakrifizioa denen artean banatzeaz" eta langileek izan beharko duten "elkartasunaz" ere aritu da.