AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Berantevillako Aernnovan aldi baterako lan-erregulazio txostena ezarri diete beharginen erdia baino gehiagori

Zuzendaritzak 282 langileri eragingo dien aldi baterako lan-erregulazio txostena aurkeztu dio enpresa batzordeari. 75 laneguni begira eta modu txandakatuan ezarriko dute espedientea, hilaren 18tik aurrera. Langileak hainbat taldetan bereizi ditu zuzendaritzak, baldintza berriak mailaka ezartzea eta ekoizpenarekin jarraitzea helburu. Oraingoz ez dira langabezia-prestazioen inguruan mintzatu.

Herenegun, hilak 4, Berantevillako (Araba) Aernnova enpresako zuzendaritzak jakinarazi zuen aldi baterako lan-erregulazio txosten bat ezarriko duela, 448 langileetatik 282ri eragingo diena. Zuzendaritzak astelehenean egin zion dei enpresako langileen batzordeari, espedientearen agiriak aurkezteko. Sindikatuek diotenez, prozeduraren xehetasunen inguruan informatzeko bilkuren egutegi bat ezarri dute dagoeneko. Ez dute langabezia-prestazioen inguruan hitz egin oraindik.

Aeronautika sektoreko enpresak indarrean jarriko duen dosierra 75 laneguni begirakoa izatea aurreikusi dute, eta hilaren 18tik aurrera ezarriko dute, modu txandakatuan. Erabaki horrek bi helbururi erantzuten die: alde batetik, langileak hainbat taldetan bereiziz neurriak modu mailakatuan ezarri ahal izatea, eta bestetik, ekoizpena bere osotasunean ez gelditzea.

Salbuespenak

Zuzendaritzak azaldu duenez, prozeduratik kanpo geratuko dira "zabalkuntza-proiektu berrian" diharduten 150 langileak. Ekoizpenaren beherakadari aurre egiteko, proiektu horretara langile gehiago ez bideratzea erabaki dute zuzendaritzako kideek.

Martxoko borrokaldia

Iragan martxoan borrokaldia abiatu zuten lantegi horretako beharginek, pandemiaren aurrean, lanpostuetan haien osasuna bermatzeko asmoz. Izan ere, koronabirusak jota, eritasun baja hartu behar izan zuten hainbat langilek. Euren osasunaren kontura "negozioekin jarraitzeko asmoa" leporatu zioten enpresari.

Emakume bat erail dute Angelun
Antza, 89 urteko gizonezko batek 83 urteko emaztea erail du Angelun, eta bere buruaz beste egin du gero. Bien gorpuak topatu dituzte etxebizitza batean, suzko arma berdinak hilak. Hainbat iturriren arabera, gizonezkoak hots egin die suhiltzaileei bere buruaz beste egin aurretik. Urtea hasi zenetik Euskal Herrian izan den laugarren erailketa matxista da.