AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bere buruaz beste egin du Ravaleko 73 urteko bizilagun batek, etxegabetua izatean

"Ez dugu suizidio gisa ulertzen, pertsonaren biziaren eta langile-klasearen aurkako eraso gisa baizik", salatu du Ciutat Vellako Etxebizitza Sindikatuak.

Joan den ostegun arratsaldean, 73 urteko gizon batek galdu zuen bizia Bartzelonako Raval auzoan, etxegabetua izaten ari zenean. Ciutat Vellako Etxebizitza Sindikatuaren arabera, "gizonak balkoitik behera bota zuen bere burua hirugarren solairutik, Mossos d'Esquadraren aurrean, Robadors kaleko pisua utz zezala eskatzen ari baitziren". Sindikatuak azaldu du jatorri aljeriarreko pertsona bat zela, eta ez zuela etxebizitza duin bat eskuratzeko bermerik.

Gertakariaren ondoren zabaldutako ohar batean, sindikatuak honakoa adierazi zuen: "Zuzenean seinalatu nahi ditugu 73 urteko gizon baten suizidioaren erantzuleak [...]. Argi utzi nahi dugu, hori gertatzen denean, ez dugula suizidio gisa ulertzen, pertsonaren bizitzaren eta langile-klasearen aurkako eraso gisa baizik". Eta zehaztu du, gainera, "langile-klase migranteak Ravalen aurre egin behar dion errealitatearen irudi sinbolikoa" dela ostegunean hildako pertsona; alegia, "jazarpena, sarekadak eta indarkeria instituzional areagotu bat, Poliziaren jazarpenean eta etxebizitza lortzeko ezintasunean islatzen dena".

Bestalde, ondokoa gaineratu zuten sindikatutik: "Gure bizitzan benetako eraginik izango ez duten proposamen hutsez betetzen dituzte euren diskurtsoak administrazioak eta politikari parlamentarioek, baita auzo osoari eta bizi dugun errealitateari dagokionez mingarria den gertaera hau isilarazi nahi izan duten eragile instituzionalek ere".

Irango Agintari Gorena hiltzeko mehatxua egin du Trumpek
Ohartarazi du badakiela zehazki non dagoen Khamenei, eta bere pazientzia "agortzen" ari dela.