AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bergaran, emakume bati hiru aldiz egin dizkio sexu-erasoak gizon batek

Otsailean zehar, emakume bati modu jarraian egin dizkio sexu-erasoak 18 urteko gizon batek. Deba Bailarako Itaiak elkarretaratze batera deitu du bihar iluntzerako. Azken egunetan, gutxienez bost sexu-eraso atera dira argitara Euskal Herrian.

Bergaran (Gipuzkoa) gizonezko batek egindako sexu-erasoak jasan ditu emakume batek otsailean zehar. Gutxienez hiru aldiz egin dio eraso neskari, Bergarako etxebizitza batean. Atzo atxilotu zuten 18 urteko erasotzailea, eta kartzelaratzeko agindua eman du epaileak.

Eraso horiek direla-eta, protestara deitu du Deba Bailarako Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Bihar, ostegunean, elkarretaratze bat egingo dute Bergarako San Martin plazan, 19:00etan hasita. Indarkeria matxista orori aurre egin lelopean egin dute deialdia Itaiako kideek.

Euskal Herrian, gutxienez bost salaketa azken egunetan

Azken egunetan, gutxienez bost sexu-eraso atera dira argitara Euskal Herrian. Bi bortxaketaren berri eman dute Iruñean (Nafarroa), eta beste bi erasoren berri Bizkaian; Bilboko (Bizkaia) etxebizitza batean emakume bat bortxatu dute bi gizonek, eta Getxon (Bizkaia), emakume bati eraso dio gizon batek, kalean.

Iruñean argitara atera den azken bortxaketa salatu du Itaiak
Aurreko asteburuan, emakume bat bortxatu zuen gizon batek Iruñeko Alde Zaharreko atari batean. Berriki jakinarazi dute beste emakume bat bortxatu zutela Iruñean otsailaren erdialdean, sumisio kimikoaren bidez.