AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Beriainen, futbol partida bat eten dute jokalari batek jasandako irain arrazistak zirela-eta

Jatorri ekuadortarreko gazte bat iraindu zuten ikusleek, eta Etxarri Aranatzeko talde osoak erabaki zuen bigarren zatian zelaira ez ateratzea, norgehiagoka bertan behera utzita.

Joan den larunbatean neurtu behar zituzten indarrak Beriaingo (Nafarroa) eta Etxarri Aranatzeko (Nafarroa) gizonezkoen futbol taldeek, Preferente mailarako igoera-fasean. Eta hasi, hasi zen partida, baina aurreneko zatia baino ez zuten jokatu: Etxarri Aranatzeko jokalari bati ikusleek egindako irain arrazistak zirela-eta, bigarren zatian zelaira ez irtetea erabaki zuen taldeak.

Ehundik gora pertsona zeuden Beriaingo zelaiko albo batean, eta partidua hasi bezain pronto ekin zioten Etxarri Aranatzeko jokalariak iraintzeari. Norgehiagokak aurrera egin ahala, jatorri ekuadortarrekoa den jokalari bati oihu arrazistak egiten hasi ziren: "mono", "Parrales", "anfibio", "Vete a la selva", eta abar.

Partidako atsedenaldira iristean, bigarren zatia ez jokatzea erabaki zuen Etxarri Aranatzeko taldeak. Irain arrazistak jasan zituen jokalariak esan zuen bera ez zela zelaira gehiago aterako, eta, berekin elkartasunez, berdin egin zuten bere kide guztiek: planto egin eta gehiago ez jokatzea erabaki zuten.

Epaileak, beraz, bertan behera utzi behar izan zuen partidua, amaitutzat emanez. Dena den, uko egin zion aktan benetan gertaturikoa jasotzeari, ez baitzuen jokalariak jasandako irain arrazisten berri eman nahi izan. Lehen zati osoan zehar, gainera, ez zuen esku hartu.

Rafahko errefuxiatu-kanpaleku bati eraso diote sionistek
Tal al Sultango kanpalekua bonbardatu eta gutxienez 50 palestinar erail dituzte bart indar militar sionistek, gehienak, bizirik erreta. Ia 36.000 palestinar hil ditu Israelgo Estatu genozidak urritik hona.