AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Berriz epaituko dute Gaizka Astorkizaga, Ean sabotaje-ekintza bat egitea leporatuta

Beste sententzia baten zain ere badago, ekainean epaitu baitzuten Valentina Morisolirekin batera. Hemezortzi urteko zigorra eskatzen dute Fitorentzat oraingoan.

Gaizka Astorkizaga Fito epaituko dute aurki, 2020an Eako (Bizkaia) kutxazain baten kontrako sabotaje-ekintza batean parte hartu izana egotzita. Fiskaltzak hemezortzi urteko kartzela-zigor eskaera bat egin du bere kontra oraingoan. "Epaiketa berri hori inongo oinarri sendorik barik egingo dute, Guardia Zibilaren presioengatik eta Espainiako Auzitegi Nazionaleko fiskaltzak ahalbidetuta", dio Fitoren egoeraren berri emateko zabaldu duten oharrak.

Terrorismoaren kontrako operazio baten barruan, 2020ko azaroan atxilotu zuten Astorkizaga, Valentina Morisolirekin batera. "Erakunde terrorista bateko kide izatea, kalte terroristak eragitea eta terrorismoa goratzea" leporatzen zieten, IƱaki Bilbao Txikito eta Patxi Ruiz preso politikoak gose greban zeudenean izan ziren hainbat sabotaje-ekintzari lotuta. 2021eko uztailera arte izan zituzten preso Fito eta Morisoli, eta behin-behinean aske daude gaur-gaurkoz.

Joan den ekainean epaitu zituzten biak Madrilen, desordenak eragitea egotzita. Oraindik sententziaren zain badaude ere, orain bigarren aldiz epaituko dute Astorkizaga. "Akusazioen argudioak pisuzkoak ez zirenez, erakunde terroristako kide izatearen kargua ekuaziotik kendu zuten, eta kasua bi piezatan banatu zuten", zehaztu dute berriki argitaratutako oharrean. Ekainekoa izan zen kasuaren zati bati lotutako epaiketa, eta orain egingo diotena da bigarren zatiari buruzkoa.

Espetxeratze-arriskua, beraz, errealitate bat da une honetan. Egoera argitzeko zabaldutako oharrean, "Espainiako estatu faxista zein bere tresna errepresiboak, Auzitegi Nazionala, zipaioak eta politiko burges guztien kondenak zein isiltasun interesatuak" gaitzetsi dituzte, "Patxi Ruizen edo Txikitoren borroka eredugarriak eta Euskal Herri Langilearen matxinadarako zein erresistentziarako grina" aldarrikatzeaz gain.

Desokupazio-enpresa bat Gasteizko familia bat etxegabetu nahian ari da
Zaramagako etxebizitza batean bizi da familia 2021etik, alokairuan. Etxejabeak, ordea, pisutik kanporatu nahi ditu orain, eta desokupazio-enpresa batengana jo du horretarako. Soldatapeko matoiak familia jazartzen ari dira gaur egun, Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak jakinarazi duenez. Asanblada batera deitu dute ostiral honetarako, Zaramagan.