AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Beste zortzi borroka egunera dei egin dute Bizkaiko metalean

Patronalak azken bileretan erakutsi duen jarrerari erantzuna eman diote beharginek: zortzi greba egunera dei egin dute Bizkaiko metalgintzan, hain zuzen, azaroaren 28an eta 29an, eta abenduaren 4an, 5ean, 12an, 13an, 18an eta 19an. Irailaren 30etik urriaren 4ra bitartean ere greba izan zen, lan hitzarmenaren alde. Aurreko astean protesta egin zuten langileek Barakaldon, negoziaketetako blokeo egoera salatzeko, baina oldartu egin zitzaien Ertzaintza.

Aurrera doaz Bizkaiko metalgintzako langileen ordezkarien eta patronalaren bilerak, baina ez da akordiorik mahai gainean. Iragan astean kontraeskaintza bat aurkeztu zuten beharginek, nagusien (FVEM) proposamenari erantzunez. Izan ere, azaldu zuten eskaintza horrek "modu arinean" baino ez zituela hobetzen langileen lan baldintzak.

Dena den, proposamenak ez du lur hartu patronalaren teilatuan, eta ez dute "negoziatzeko borondaterik" erakutsi beharginen esanetan. Hala, blokeoari erantzun diote berriro: zortzi borroka egunera dei egin dute sektorean. Hain zuzen, azaroaren 28an eta 29an, eta abenduaren 4an, 5ean, 12an, 13an, 18an eta 19an, egun osoko lanuzteak egingo dituzte.

Luze doa gatazka. Uda hastear zela abiatu zuten borroka langileek, lan hitzarmen kolektiboaren alde. Maiatza amaieran greba egunak izan ziren, baita ekainean ere. Ikasturte berriarekin heldu dira borrokaldi berriak; irailaren 30etik urriaren 4ra bitartean greba egin zuten, eta orain, mobilizazioekin jarraituko dute.

Aurreko astean protesta egin zuten beharginek Barakaldon (Bizkaia), BEC zentroaren atarian. Negoziaketetako blokeo egoera salatzea zuten helburu. Dena den, Ertzaintza bertaratu zen, eta borra kolpez desegin zuen elkarretaratzea.

50.000 langile dira Bizkaiko metalgintzan; herrialdean langile gehien biltzen dituen sektorea da.

Bihar arte etengo dute greba Villatuertako New Collagena enpresako langileek
Negoziazioei ekin diete beharginek eta enpresaren zuzendaritzak; hala, oraingoz, langileek eten egin dituzte martxan jarritako lanuzteak, bihar arte. Pasa den astean hasi zuten greba, enpresari lan baldintzen hobekuntza exijitzeko. Negoziazioan akordioa erdietsi ezean, mugagabea izango da greba.