AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bi behargin zauritu dira gaur, Durangon bata eta Azpeitian bestea

Gaur Durangoko Funsan enpresan izan du lan-istripua langile batek; dirudienez, hanka bat hautsi du eta kolpe bat jasan du buruan. Bestalde, Azpeitiko Esklabak-Iturtzulo eremuko obretan ebaki bat egin du langile batek, baina ez dute jakinarazi zaurien larritasuna. Atzo bihotzekoak emanda hil zen behargin bat Adunan, eta aurreko astean, lan-istripu baten ondorioz galdu zuen bizia beste batek Getarian.

Soldatapean lanean ari ziren bi behargin zauritu dira gaurkoan, maiatzaren 11n. Durangon (Bizkaia) izan da lan-istripuetako bat, goizean, Funsan enpresan. Antza, pieza bat jausi zaio gainera langile bati, eta hanka hautsi du horren ondorioz. Buruan ere jasan du kolpe bat. Gurutzetako Ospitalera eraman dute zauritua.

Bestalde, Azpeitiko (Gipuzkoa) Esklabak-Iturtzulo eremuko obretan ere izan da lan-istripu bat gaur. Babes Ofizialeko Etxebizitzak eraikitzeko lanetan jarduten duen langile batek ebaki bat egin du hanka batean, eguerdian. Dena den, ez dute zaurien larritasunari buruzko xehetasunik eman.

Lan-heriotza baten berri ere eman dute gaurkoan, gainera. Atzo, maiatzaren 10ean, bihotzekoak emanda zendu zen behargin bat Adunako (Gipuzkoa) Refractarios Kelsen enpresan. Aurreko astean ere izan zen albiste beltzik gurean: duela bi asteburu izandako lan-istripu baten ondorioz, Getariako (Gipuzkoa) Indaux enpresako langile bat hil zen aurreko ostegunean.

Greban jarraitzen dute Vianako Defontaine Ibericako langileek
Vianako planta ixtea, 37 behargin kalera bidaltzea eta jarduera Tunisiara bideratzea da Defontaine Ibericaren asmoa. Borrokan jarraitzen dute grebalariek, eta jakinarazi dute, besteak beste, lantokian segurtasun pribatuko zerbitzua kontratatu duela zuzendaritzak.