AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bi langile hil dira lan-istripuz Erandion eta Leitzan

64 urteko langile bati, metalezko pieza bat jausi zaio gainera Erandioko Murueta ontziolan. Leitzako abeletxe batean, bestalde, intoxikatuta hil da 74 urteko behargin bat.

Atzo, gutxienez bi langilek galdu zuten bizia Euskal Herrian lan-istripuz; Leitzan (Nafarroa) eta Erandion (Bizkaia), hain zuzen ere. Goizean izan zen Leitzako lan-heriotza: minda hobi batean lanean ari zela, intoxikatuta hil zen langile bat. 74 urte zituen. 46 urteko lankide bat, gainera, ospitalera eraman behar izan zuten, intoxikatuta bera ere.

Arratsaldeko aurreneko orduan, Erandion (Bizkaia) eman zuten lan-heriotza baten berri, Murueta ontziolan. Itxura denez, metalezko pieza batek azpian hartu zuen behargin bat, eta momentuan hil zen. 64 urte zituen, eta azpikontratatutako enpresa batentzat, Ainar S.L. enpresarentzat, aritzen zen soldatapean.

Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian, gutxienez 53 langilek galdu dute bizia soldatapean lanean, lanera bidean edo lanetik bueltan.

Donostiako Zentro Sozialista hainbat urtetarako egonkortzea lortu dute
Zentro Sozialista husteko prozedura judiziala geratzea lortu dute Donostiako Kontseilu Sozialistak eta Langile Kontrolpeko Espazioen Defentsa Komunitateak, eta espazioan jarraitu ahal izateko berme idatzi bat lortu dute. Joan den apirilean eman zuten Gipuzkoako hiriburuko Zentro Sozialistaren irekieraren berri, "antolakuntza baliabide gisa eta proletalgoaren autodefentsa espazio gisa". Egitarau zabal bat antolatu dute bertan hilabete honetarako.