Bideozaintza polizialerako kamerak duela bost urte baino %30 gehiago dira Gipuzkoako kaleetan
Polizia-indarrek 854 kamera dituzte kokatuta lurralde horretako hemezortzi udalerritan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 300.000 aurpegi daude erregistratuta Ertzaintzaren datu-basean. Iruñean zein Gasteizen adimen artifizialeko kamerak jarriko dituzte, eta Eusko Jaurlaritzak poliziari beste 1.387 'bodycam' mugikor banatzea espero du aurten; horietatik 300 izango dira Brigada Mugikorrarentzat.
Adimen artifizialeko kamerak
Kamera aurreratu horiek Gasteizen (Araba) jartzeko asmoa dute aurten, Gasteizko GKSk iazko azaroan salatu zuenez: "300 metrora, 360 graduko ikusmena" izango dute gailuek. Delituak antzeman, "gaizkileak" identifikatu eta poliziari abisua luzatzeko gai izango dira, dena segundu gutxiren buruan. Gasteizko Udalak berak aitortu izan duenez, "turistentzako espazio seguruagoa izateko helburuarekin" kokatu nahi dituzte.
Bodycam-ak Ertzaintzarentzat
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak hiru milioi euro xahutu zituen iaz 1.387 bodycam-etan. Ekipamendu berria aurten jaso eta Ertzaintzaren agenteen artean erabiltzen hasteko asmoa dute. Patruilentzako kamera mugikor horiek ertzain bakoitzaren uniformean bertan eraman daitezke, eta esku-hartze polizialetan gertatzen den oro filmatzen dute.
"Proiektua Ertzaintzak Bilboko (Bizkaia), Gasteizko eta Irungo 30 patruilarekin egindako proba pilotuaz egindako balantze positiboaren ondoren gauzatuko da", azaldu zuen Josu Erkoreka Segurtasun Sailburuak. Polizia bakoitzaren uniformeetan atxikita joango diren kamera horiek, beraz, manifestazio, jaigiro eta kirol-ekitaldiak kontrolatzeko erabiliko dira gehienbat, baita trafikoko agenteentzako ere. Halere, azpimarragarria da kamera horien artean 300 Brigada Mobilarentzat izango direla; istiluen aurkako unitatearentzako.
Ertzaintzaren datu-basea
Ertzaintzaren artxiboan 67.000 fitxa polizial daude zabalik 1982tik gaurko egunera arte, atxilotutako pertsona guztien datuekin. Baina aurrekari polizialak dituzten pertsona guztiez gain, datu-basean 300.000 aurpegi eta 590.000 hatz-marka inguru metatuta dituztela azaldu zuen Ahoztar Zelaietak Hordago-n. Horien erdia baino gehiago duela gutxi txertatu dituztela azaldu zuen kazetariak, segurtasun informatikoko enpresa bati 3.200.000 euro ordainduta. Aurpegiak identifikatzeko teknologia duten kamerak lurraldean barrena kokatu eta datu-basea zabaltzen joan ahala, Ertzaintzak edonor, edonon eta edonoiz identifikatzeko gaitasuna garatu dezake.