AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bielorrusian arma nuklearrak hedatuko dituela esan du Errusiak

Arma nuklear "taktikoak" kokatuko ditu Bielorrusian; antza, han hamar hegazkin dituzte arma horiek garraiatzeko prest. AEBek ere berdin jokatu dute hamarkada luzez, dirudienez: gertu dituzte bonbak NATO osatzen duten hainbat estatutan, adibidez, Italian, Alemanian, Belgikan, Turkian eta Herbehereetan. Errusia eta AEBak dira mundu mailan arma nuklear gehien dituzten herrialdeak.

Bielorrusiako hainbat puntutan arma nuklearrak zabaltzeko asmoa du Errusiak, Vladimir Putin presidenteak berriki jakinarazi duenez: Bielorrusian kokatuko dituzte lehergailuak, eta Errusiaren kontrolpean egongo dira. Akordio bat erdietsi dute bi herrialdeek, eta Putinek esan du Bielorrusian hamar hegazkin daudela jada arma atomikoak eramateko eta erabiltzeko prest. Gainera, Iskander misil sistema eman dio Errusiak Bielorrusiari (sistema horrek obija nuklearrak garraia ditzake), eta armak biltegiratzeko instalazioak eraikiko ditu, ustez, uztailaren 1erako.

Errusiarekin egiten du muga Bielorrusiak, baina baita Ukrainarekin eta NATOren parte diren hiru estaturekin ere; hain justu, Letoniarekin, Lituaniarekin eta Poloniarekin. Nazio Batuen Segurtasun Kontseiluaren ezohiko bilera batera deitzea eskatu du Ukrainak, Putinen iragarpenaren inguruan hitz egiteko. G7ari eta Europar Batasunari eskatu die, gainera, Bielorrusiako Gobernuari ohartarazteko "ondorio sakonak" jasango dituela "Errusiak bere lurraldean arma nuklear taktikoak jartzea onartuz gero".

Josep Borrell Europar Batasuneko atzerri politikako buruak mehatxuei ekin die jada. Bielorrusiak arma nuklearrak hartzea "eskalada arduragabea" dela eta hori "Bielorrusiak oraindik geldi dezakeela" iritzi dio Borrellek. "Europar Batasuna prest dago zigor gehiagorekin erantzuteko", ohartarazi du.

Akordioak paperaren gainean

NATOk, momentuz, adierazi du "erne" dagoela Putinek esandakoaren aurrean. "Errusiak NATOren truke nuklearrei buruz egiten duen erreferentzia guztiz engainagarria da. NATOreen aliatuek errespetu osoz jokatzen dute nazioarteko konpromisoekiko", aldarrikatu du NATOk.

Eta Errusiako presidenteak egindako adierazpenak direla-eta azpimarratu du hori; izan ere, Putinek esan du "ohikoa" dela arma nuklearren hedatzea eta kokatzea beste herrialde batzuen aldetik ere. "Amerikako Estatu Batuek hainbat hamarkadaz egin dute hori [...]. Adostu dugu guk ere berdina egingo dugula, eta nabarmentzen dut: arma nuklearrak ez ugaritzeari dagokionez ditugun betebeharrak urratu gabe egingo dugu hori".

AEBek ere arma nuklearrak dituzte NATO osatzen duten hainbat estatutan sakabanaturik; esaterako, Alemanian, Belgikan, Herbereetan, Italian nahiz Turkian.

Teorian New Start akordioarekin egiten dute bat Errusiak eta AEBek, eta, horren arabera, arma atomiko "estrategikoen" hedapena eta erabilera mugatuta daukate bi herrialdeek, ustez. Joan den otsailean, baina, Putinek zalantzan jarri zuen akordio horren indarraldia, eta Errusia adostutakoa hausteko prest dagoela eman zuen aditzera.

Arma taktikoak

Dirudienez, arma "taktikoak" direlakoak zabalduko ditu Bielorrusian Errusiak. Bonba horien suntsipen-boterea mugatuagoa da berez, 1 eta 50 kilotoi arteko potentzia baitaukate. AEBek, itxura denez, 0,3 kilotoiko lehergailuak dituzte une honetan. 1945ean Hiroshima suntsitu zuen bonbak 15 kilotoiko ahalmena zuen.

Arma horietako 200 omen dituzte AEBek, eta 2.000 inguru Errusiak. Amerikako Zientzialarien Erakundearen (Federation of American Scientists) arabera, Errusia eta AEBak dira, alde handiarekin, mundu mailan arma nuklear gehien dituzten herrialdeak: 5.977 ditu Errusiak eta 5.428 AEBek, horien bi heren baino gehiago, oraindik kokatu gabe. Lehergailu atomiko gehien dituen munduko hirugarren herrialdeak, Txinak, 350 lehergailu nuklear ditu.

Aurkeztu dute jendaurrean Beasaingo Zentro Sozialista
Goierriko Kontseilu Sozialistak aurreko astean eman zuen eskualdeko Zentro Sozialistaren irekieraren berri, eta joan den asteburuan erakutsi dute jendaurrean. Beste hainbat ekimen antolatu dituzte datozen egunetarako.