AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bigarren formakuntza mintegia egin du asteburuan GKSk

Ehunka gazte bildu dira, bigarrengoz, Gazte Koordinadora Sozialistak antolatutako formakuntza saioetan. "Gazte langileon praktika politikorako tresnak eskuratzeko eta formakuntza teorikoan sakontzeko" helburuekin, ikasturte politikoan mintegi gehiago izango direla iragarri dute.

Formakuntzan sakontzen jarraitzen dute Gazte Koordinadora Sozialistako kideek; asteburu honetan heldu diote formakuntza mintegien bigarren saioari. Aurrekoan egin bezala, bost saio izan dira guztira, Euskal Herriko bost gunetan banatuta. Oraingoan, Marxen Guda Zibila Frantzian testua landu dute bertaratutako gazteek, Marxek Parisko Komunaren inguruan langileriari luzatutako irakaspenak oinarri hartuta.

GKSk hilabete hasieran adierazi zuenez, formakuntza mintegiak "ildo sozialistaren praktika politikoa garatu ahal izateko ezinbesteko espazioak" dira; besteak beste, "militanteei tresna teorikoak eskaintzeko", zein "gai ezberdinen inguruan eztabaidatzeko, hausnartzeko, eta irakaspen garaikideak ateratzeko".

Mintegien jarraipena

Azaroaren hastearekin batera egin zuten aurreneko formakuntza mintegia GKSko kideek, Rosa Luxenburgoren Errusiako iraultza testuaren inguruan. Hala, Luxemburgok Errusiako iraultzari buruz mahaira ateratako hausnarketak eta eztabaidak izan zituzten mintzagai. Bigarren saioa eginda, GKSk mintegi gehiago iragarri ditu ikasturte politiko honetarako. "Gaur egungo gazteen despolitizazioari aurre egiteko eta gazte problematikaren arlo ezberdinetan eragiteko, formakuntza ezinbestekoa da", nabarmendu dute.

Iruñerriko Autodefentsa Sarea, autodefentsari bide egiten jarraitzeko prest
"Aurreko ikasturtetik ateratako irakaspenak praktikara eramateko unea da", adierazi dute Iruñerriko Autodefentsa Sareko kideek. Hala, "bueltan" dira berriro, eta "inoiz baino indartsuago" gainera. Hurrengo astean aurkezpenak egingo dituzte hainbat ikastetxetan; hain zuzen, Iturraman, Mendillorrin, Askatasunan, Biurdanan, Paz de Zigandan, eta Alaitzen. Aurreko ikasturtean sortu zuten IAS, eta besteak beste, Eunateko bideo-zaintza kameren aurkako borrokari heldu zioten; garaipena erdietsiz, gainera.