AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bigarren greba eguna dute gaurkoa Arabako metalgintzan eta EAEko hezkuntzako garbiketan eta jangeletan

Zabalik daude Arabako metalgintzako lan-hitzarmenaren inguruko negoziazioak, baita Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetako garbiketako eta jangeletako baldintzei buruzko elkarrizketak ere. Hala, sektore horietako beharginek grebara jo dute bigarren egunez, haien eskaerak bete daitezela exijitzeko.

Greba eguna da gaurkoa Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako hezkuntza-zentro publikoetako garbiketa- eta jangela-zerbitzuan, baita Arabako metalgintzan ere. Aurrenekoek atzo ekin zioten grebari, eta bost egunez izango dira greban, jarraian. Metalgintzako beharginek, berriz, aurreko asteazkenean egin zituzten aurreneko lanuzteak, eta gaur jo dute grebara bigarren egunez; hirugarren greba egun batera ere deitu dute metalean ostegun honetarako. Guztiek dute asmo bat: beren sektoreetan irekita daude lan-baldintzen inguruko elkarrizketak, eta zenbait eskaera zehatz betearazi nahi dituzte mobilizazioen bidez.

EAEko ikastetxe publikoetako garbiketari eta jangelei dagokienez, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak momentuz ez ditu langileen eskaerak onartu. Martxoan ere egin zituzten lanuzteak, batez ere, bi aldarri nagusirekin: hain ohikoa den behin-behinekotasunari aurre egiteko kontsolidazio-prozesu bat hastea —500 beharginek baino gehiagok dituzte oraindik behin-behineko kontratuak—, eta ordezkatu gabe geratzen diren postuak betetzea. Atzo hasitako grebaldian, dena den, langileen erantzuna martxokoa baino handiagoa izaten ari dela dio ELA sindikatuak.

Atzo Bilbon (Bizkaia) egin zuten mobilizazio bat bi sektoreetako langileek, eta gaur Donostian (Gipuzkoa) mobilizatu dira. Bihar Bilbon aterako dira kalera berriz, eta ostegunean, aldiz, Gasteizen (Araba). Hiriburu bakoitzeko Hezkuntza Delegaritzaren aurrean izango dira protesta guztiak.

Borrokan metalgintzan ere

Arabako metalgintzan, aurreko asteazkeneko borroka egunean bezala, goizetik egin dituzte gaur pikete jendetsuak langileek. Gero, Gasteizko Plaza Berrian elkartu dira sektoreko beharginak; zenbaitek zutabeak egin dituzte haien lantokietatik Plaza Berriraino. Arabako metala greban lelopean zeharkatu dituzte Arabako hiriburuko kaleak.

Oraingoz ez dago adostasunik sektoreko lan-hitzarmenari buruzko negoziazioan, eta SEA patronalaren jarrera "mugiezina" salatu dute sindikatuek. Beharginen eskaera nagusiak dira, besteak beste, lanaldiak murriztea; soldatak KPIaz gaindi igotzea, hamalau ordainsariko 1.400 euroko gutxieneko soldatarekin; azpikontratatutako langileak subrogatzea; eta hitzarmena beteko dela ziurtatzeko bermeak izatea.

Argazkiak: ELA eta LAB

Potentzia aurreratuen artean, Espainiako Estatua da bigarren hezkuntzan ikasle errepikatzaile gehien dituena
Herrialde garatuetako batez bestekoak bikoizten dituzte "eskola-porrota" deritzon fenomenoaren hainbat adierazlek, ELGAren azken txostenaren arabera. 2021ean, %13,3koa izan zen batxilergoko edota lanbide heziketako titulurik gabe ikasketak utzi behar izan zituzten gazteen ehunekoa, Europar Batasuneko batez bestekoa baino 3,6 puntu handiagoa. 15 eta 29 urte arteko biztanleen %14,1 hezkuntzatik zein lan-merkatutik kanpo daude.