AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bihar eta etzi greba egingo dute Gipuzkoako erresidentzietako langileek

Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzen saiatzeko, beste bi greba egun egingo dituzte bihar eta etzi. Horiekin, 246 greba egun egingo dituzte azken bi urteetan.

Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek jakinarazi dute enpresek eta instituzio publikoek ez dituztela haiek egindako eskakizunak betetzen; besteak beste, sektoreko lan-hitzarmena egokitzea eta egoitzetako langile kopurua handitzea eskatzen dute. Beharginek salatu dutenez, enpresen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren jarreraren ondorioz, hitzarmenak hamar urte daramatza blokeatuta.

Hitzarmenaren negoziazioa desblokeatzen saiatzeko, beste bi greba egun egingo dituzte bihar eta etzi, ELA eta LAB sindikatuek deituta; mobilizazioak ere egingo dituzte Gipuzkoako hainbat udalerritan. Horiekin, 246 greba egun egingo dituzte azken bi urteetan. Denera, 5.000 langile inguru ari dira Gipuzkoako egoitzetan; gehienak, emakume langileak.

Sindikatuen esanetan, COVID-19aren pandemiak agerian utzi ditu erresidentzietan aurrez zituzten gabeziak, eta "pribatizazioan eta langileen prekarietatean" oinarrituko sistema aldatzea galdegin dute. Gainera, "COVID-19aren bolada berriaren ondorioz, langileek beldurrez" lan egiten dutela nabarmendu dute, arriskuan jarriko dituztelakoan beren osasuna, familiena eta egoiliarrena.

GREBA ESKUBIDEA

Urrian eta azaroan ere grebara jo zuten langileek, eta behin baino gehiagotan salatu izan duten bezala, greba eskubidea urratu zieten orduan ere: Eusko Jaurlaritzak %100eko gutxieneko zerbitzuak ezarri zituen egoitzetan. "Gaur ez erizaintzako laguntzaileek, ez garbitzaileek, ez erizainek, ez medikuek ezingo dute grebarik egin egoitzetan", azaldu zuen ELAk.

Biharko eta ostiralerako greba deialdietan ere %100eko gutxieneko zerbitzuak inposatu dizkie langileei Jaurlaritzak.

Iñigo Cabacasen erailketaren sententziari jarritako helegiteak aztertu ditu gaur Espainiako Auzitegi Gorenak
Sei ertzain epaitu zituzten Bizkaiko Lurralde Auzitegian Iñigo Cabacasen hilketaren harira, baina bakarra zigortu zuten. Espainiako Auzitegi Gorenak asteazken honetan aztertu ditu epai horren aurka aurkeztu diren helegiteak. Ebazpenaren zain daude auzibideko bi aldeak, eta oraindik zehazteke dago data.