AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bilboko Portutik kanporatu dituzte polizoi modura migratu nahi zuten zortzi pertsona

Bilboko Portuan bizi ziren ezkutuan zortzi pertsona albaniarrak, eta Espainiako Poliziak bota ditu handik. Haien asmoa zen portu-instalazioetara sartzea eta ontziren batera igota Erresuma Batura bidaiatzea, polizoi gisara.

Espainiako Poliziak, Bilboko (Bizkaia) Portuko autoritateekin elkarlanean, zortzi pertsona migratzaile kanporatu zituen Bilboko Portutik joan den uztailaren 11n. Han egiten zituzten gauak jatorri albaniarreko zortzi lagunek, landaredian ezkutatutako hiru kanpin-dendatan. Antza, beren helburua zen portu-instalazioetara sartzea eta, itsasontziren batean ezkutatuta, Erresuma Batura bidaiatzea, polizoi modura.

Legezko behin-behineko egonaldian daude zortzi migratzaileak, baina, dirudienez, ez dituzte betetzen baimen horretan turistei ezarritako baldintzak. Bilboko Atzerritarren eta Mugen Brigadak, beraz, neurri administratibo bat aplikatu die: Espainiako Estatutik alde egitera behartu ditu. Hamabost eguneko epean estatua haien borondatez uzten ez badute, legez kanpoko egoeran egongo dira, eta berriz atzematen badituzte, atxilotu eta kanporatu egingo dituzte autoritateek.

Europa Press-en arabera, ez da Bilboko Portutik polizoi gisara migratu nahi duten pertsonak atzematen dituzten aurreneko aldia. Zehaztu dutenez, gazteak izan ohi dira migratzaile horiek, eta promes faltsuen bidez, engainatu egiten dituzte Erresuma Batura bidaia dezaten; han, "esklabotzatik gertu" dauden lanak edo "delitu-praktikak" egitera behartzen dituzte mafiek.

Zigor osoa beteta, aske geratu da IƱigo Gutierrez preso politikoa
Hamalu urtez preso izan dute algortarra, eta atzo irten zen Zaballako espetxetik. Idoia Martinez eta Xabier Agirre preso politikoak ere behin betiko utzi dituzte aske.