AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Bizitzaren garestitzearen aurka mobilizatzera deitu dute Bilboko, Donostiako, Gasteizko eta Iruñeko Kontseilu Sozialistek

Martxoaren 19an manifestazioak egingo dituzte Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako hiriburuetan, 'Bizitzaren garestitzea gelditu' aldarripean. Marka historiko guztiak hautsi dituzte erregaien, gasaren, argindarraren zein oinarrizko elikagaien prezioek.

Mobilizazio deialdi bateratu bat egin dute Bilboko (Bizkaia), Donostiako (Gipuzkoa), Gasteizko (Araba) eta Iruñeko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistek. Bizitzaren garestitzea gelditu aldarritzat hartuta, manifestazioak antolatu dituzte hurrengo larunbaterako, martxoaren 19rako.

Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan izango dira mobilizazioak, 18:00etan Bilbon, Donostian eta Iruñean, eta 18:30ean Gasteizen. Plaza Eliptikotik, Bulebarretik, Sarasate pasealekutik eta Gasteizko Correos aurretik hasiko dira manifestazioak, hurrenez hurren.

Gero eta garestiagoa da langileriaren egunerokoa, etengabe ari baitira garestitzen oinarrizkoenak diren produktuak ere. Erregaien, argindarren, gasaren eta oinarrizko elikagaien prezioek, esaterako, errekor historiko guztiak gainditu dituzte.

Hemen Hego Euskal Herriko lau hiriburuetako Kontseilu Sozialistek argitaratutako deialdia eta adierazpena:

Bizitzaren garestitzea, zenbakitan
Azken urtean nabarmen egin dute gora erregaien, gasaren argindarraren nahiz oinarrizko elikagaien prezioek, eta marka historiko oro hautsi dute. Duela urtebete baino %29,9 eta %34,8 garestiagoak dira gasolina eta diesela, hurrenez hurren; gasaren prezioa %561,8 igo da, eta argindarrarena, aldiz, %598,18. Oinarrizko elikagaien saskia %28,1 garestitu zen 2021ean.