2020. urte hasieran, joko areto berri bat ireki zuten Burgosko Gamonal auzoan: C4sino Avenida. Protestak izan ziren horren harira, eta horietan parte hartu zuten bost pertsona auzipetu zituzten. Halako lokalen irekierak eta halako negozioek "auzoentzat eta langile klaseentzat dituzten eraginak" salatzeko izan ziren mobilizazioak, akusatuen defentsaren esanetan. Orain, ia hiru urte beranduago, epaiketa egingo diete protestetan izan ziren bost lagun horiei.
Joko aretoaren jabeak zigor altuak eskatu ditu haientzat: hiru urteko kartzela-zigorrak mehatxuengatik eta beste bi urteko zigorrak hertsapenengatik, bakoitzarentzat. Bestalde, ia 30.000 euroko kalte-ordain ekonomikoak galdegin ditu; besteak beste, "kalte moralengatik". Abenduaren 20an hasiko da epaiketa, eta auzipetuei elkartasuna adierazteko elkarretaratze batera deitu dute egun horretarako. 09:00etan izango da kontzentrazioa, Burgosko epaitegien aurrean.
El Salto atariak jakinarazi duenez, Estación 40SL enpresaren parte da C4sinos Salones de Juego. Gutxienez bederatzi joko areto ditu Gaztela eta Leonen.