AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Cabacasen heriotza dela-eta kondenatutako ertzaina ez da kartzelara joan beharko, Bizkaiko Auzitegiak hala erabakita

Bizkaiko Auzitegiak gaur bertan jakinarazi du Juan Jose de Pablori ezarritako bi urteko espetxe zigorra ezeztatu duela behin-behinean. Ertzaintzak 2012ko apirilaren erail zuen Iñigo Cabacas, burura jaurtitako pilotakada baten bidez.

Bizkaiko Auzitegiak erabakita, gutxienez bi urtez indargabetuko dute Iñigo Cabacasen erailketaren harira kondenatutako ertzainaren aurkako zigorra. Datozen bi urteetan "legea hausten" ez badu, Juan Jose de Pablok ez du kondena bete beharko.

Bestelako zigorra zen, ordea, 2018an auzitegiak eman ziona. Bi urteko espetxe zigorra eta lau urteko inhabilitazioa ezarri zizkion garaian, eta Espainiako Auzitegi Gorenak bat egin zuen zigor horrekin, berretsi egin baitzuen pasa den urtarrilean.

Dena dela, erabakiari muzin egin dio Bizkaiko Auzitegiak, hiru arrazoi direla-eta. Lehenik, epaileak adierazi du "zuhurtziagaberia profesional larriko hilketa" gisa sailkatu zutela Cabacasen erailketa, eta ez "dolozko delitu" modura; horrek, epailearen ustean, "erlatibizatu egiten du jarrera kriminalaren intentsitatea". Bestetik, kondenatuaren egoera pertsonala argudiotzat hartu dute, berriki hil zelako haren emaztea eta seme bakarraren aita delako. Azken arrazoi gisa, polizia gisa egin duen "ibilbide eredugarria" aipatu du, ordura arte ez zuelako sekula zigorrik jaso.

Hori guztia dela-eta, Bizkaiko Auzitegiak zigorra deuseztatzea erabaki du, bere hitzetan, "zigorra ez delako beharrezkoa" kasu honetan. Cabacasen abokatuek, momentuz, ez dute helegiterik aurkezteko asmorik.

Ertzaintzak 2012ko apirilaren 5ean jo zuen Cabacas pilotakadaz, Bilbon (Bizkaia), Athleticen garaipen bat ospatzen ari ziren zaleei oldartu zitzaienean. Buruan jaso zuen gomazko pilotakada gazteak, eta lau egun beranduago hil zen ospitalean, zaurien ondorioz.

Ertzaintzaren jarrera errepresiboa salatu dute Legazpin, larunbateko gertakarien harira
Legazpiko parke batean zeuden gazteen aurka oldartu zen Ertzaintza larunbatean, eta 19 urteko gazte bat eraman zuen atxilo. Gaur elkarretaratzea egin dute hainbat eta hainbat bizilagunek, poliziaren gehiegikeria salatzeko. "Zipaioek orokorrean, eta bereziki gazteengan, betetzen duten jardun errepresiboa" gaitzetsi du Legazpiko Gazte Asanbladak, baita horretarako daukaten "inpunitate osoa" gaitzetsi ere.