AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Campusetako emakume taldeek UIBren kanpainarekin bat egin dute, 'Berdintasunaren itxurakeriaren aurrean, ekin antolakuntzari' lelopean

Aho batez mintzatu dira Lorratz, GUET, Arrakala, Bilbouniko Emakume Taldeen Koordinadora eta Akelarre, UIBk ikasturte hasieran aurkeztutako 'Ekin antolakuntzari' kanpainarekin bat egiteko. "Pandemia garaiko ofentsiba burgesari aurre egitea" izango dute jomugan.

Berdintasunaren itxurakeriaren aurrean, ekin antolakuntzari dinamika bateratua aurkeztu dute Hego Euskal Herriko hainbat campusetako emakume taldeek, Unibertsitateko Indar Batasunaren kanpainara batuz. "Baldintzak okerragotzen ari diren egoera honetan, gure burua defendatzeko antolakuntzaren hautuan sakondu behar dugu", azaldu dute talde horietako kideek.


UIBk iragan azaroan aurkeztu zuen Ekin antolakuntzari kanpaina, ikasturte hasieran egindako hamabi eskakizun zehatzak oinarri, "langile klasearen defentsa egiteko eta haren beharrei erantzuteko". Hala, borroka prozesu ugari abiatzeko asmoa adierazi zuten UIBko kideek, unibertsitatean "baldintza zehatzen hobekuntza" lortzea helburu. Oraingoan, zentzu horretan lan egiteko batu dituzte indarrak Leioako (Bizkaia) Lorratzek, Gasteizko (Araba) GUETek, Ibaetako (Gipuzkoa) Arrakalak, Bilboko (Bizkaia) Bilbouniko Emakume Taldeen Koordinadorak eta Iruñeko (Nafarroa) Akelarrek.


OFENTSIBA


COVID-19aren testuinguruko ofentsiba burgesak unibertsitatea ere "bete-betean" jo duela diote emakume taldeetako kideek, bertako langile klasearen baldintza materialak "mugarik gabe okerragotzen" ari direla uste baitute. Egoera horren ertz ugari aipatu dituzte: "une oro osasun-bermeen eta behar bezalako ikasketen artean aukeratu behar izatea", "lanpostuetako prekaritatea", "langabezia hazten eta diru-sarrerak murrizten ari diren testuinguruan beka eta tasak berdin mantentzea" eta "osasunaren aitzakiapean egindako askatasun politikoen murrizketak", besteak beste.


INDARRAK BATUZ


Testuinguruak "euren burua defendatzeko antolakuntzaren hautuan sakondu beharra" galdegiten duelakoan daude campusetako emakume taldeak. Egindako bideaz "harro", aipatutako problematikei "eta askoz ere gehiagori" aurre egiteko prest azaldu dira. Horretarako, funtsezkotzat jo dute "indarrak batzeko apustua".


Berehalako erronka nagusiak ere aipatu dituzte: "ikasle, ikerlari edo garbitzaile bakoitzak banaka lan egin ordez, borrokak kolektiboki egitea" batetik, eta eskaera sektorialak "bakoitzak bere kabuz egin ordez, denek batera egitea", bestetik. Gauzak horrela, UIBrekin bat eginez, elkarrekin lan egiteko erabakia hartu dute, "indar eta eraginkortasun handiagoarekin" aritzeko asmoz.


EKARPEN KRITIKOA


"Emakume langileen egoeraren ikuspegitik" egingo dute lan UIBrekin batera, "haien baldintzen hobekuntza oinarri". Halaber, unibertsitatean garatzen diren "politika feministak" jo-puntuan izango dituztela aurreikusi dute. Izatez, euren esanetan, instituzio burgesek "aurpegi garbiketarako" garatzen dituzte programa horiek. "Azken urteetan egin diren eskakizunen aurrean, euren paretak morez margotu eta aurpegi garbiketa bat besterik ez dute gauzatu", azaldu dute emakume taldeek.


Unibertsitateek erasoen aurrean martxan jartzen dituzten mekanismoen mugak seinalatu dituzte emakume taldeek, bai eta "garbitzaileek pairatzen duten biolentzia gordina" ere. Azken horretan sakonduz, EHU adibide, bertako garbitzaileek iragan martxoan egindako greba ekarri dute gogora, eta unibertsitateak pandemia %100eko gutxieneko zerbitzuak ezartzeko baliatu zuela, langileen "greba bertan behera uzteko". Gauzak horrela, nabarmendu dute "euren lan- eta bizi-baldintzen aldeko borrokan parte hartzea ezinbesteko jardunbide" dutela emakume taldeek zein UIBk.


SINBOLISMOTIK HARAGO


Arrazoi horiek guztiak kontuan izanik, "aipatutako arazoei aurre egiteko erabakia" berretsi dute emakume taldeetako kideek. "Salaketa eta sinbolismo plano batetik harago, aldaketa errealak lortu nahi ditugu, batzen gaituzten aldarriak erdiesteko". UIBren programak aldarrikapen horiek barne hartzen dituela uste dute, eta ziur daude indarrak batuz "modu eraginkorragoan" lan egin ahal izango dutela.

Kamioilari batek bizia galdu du trafiko-istripu batean, Donemiliagan
Bi kamioiren arteko talka baten ondorioz hil da langile bat Donemiliagan, eta larri zauritu da beste bat. Urtea hasi zenetik, gutxienez sei langile erail dituzte haien lanpostuetan.