AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

CDRetako hamabi kide epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean

2019ko irailean hasi zen haien kontrako operazioa, ustez, '`Procés'-eko sententziaren eta 2017ko erreferendumaren urteurrenaren harira. "Talde terrorista bateko kide izatea" eta lehergailuak izatea leporatzen diete.

Kataluniako Errepublikaren Defentsarako Batzordeetako (CDR, katalanezko sigletan) hamabi kide epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, berriki onartu baitu zigor-arloko salak ahozko judizioari ekitea. "Talde terroristako kide izatea" egozten diete auzipetu guztiei, bai eta "izaera terroristako" lehergailuak izatea ere, zortzi lagunen kasuan.

Erabat ezezaguna den "Erantzun Taktikoko Talde" (ERT, gaztelerazko sigletan) baten parte izatea leporatzen diete hamabi auzipetuei, eta auzitegiak iritzi dio ustezko talde horren helburua zela "ekintza biolentoen bidez" lortzea Kataluniaren independentzia, eta borrokaren "intentsitatea igotzea". Ustez CDRek egindako hainbat ekintzatan parte hartzea egozten diete; besteak beste, errepide-mozketetan edota C-55 errepidean egindako olio-isurketa batean, Procés-eko auzipetu presoak lekualdatu behar zituztenean.

Argitara atera denez, 2017ko erreferendumaren urteurrenagatik edota Procés-eko sententziagatik "ekintza biolentoak" antola zitzaketela iritzita atxilotu zituzten auzipetuak 2019an.

Atxiloketak eta espetxeratzeak duela lau urte

Azken mugimenduarekin, Espainiako Auzitegi Nazionalak babestu egin du Manuel Garcia Castellon instrukzio-epaileak 2019ko irailean hasitako Judas operazioa eta horri lotutako sumarioko ebazpena, joan den urrian erabakitakoa. PSOE eta Junts Amnistia Legea deiturikoa negoziatzen ari diren unean heldu da Espainiako Auzitegi Nazionalaren erabakia; negoziaketaren parte da CDRetako hamabi kideen kontrako auzia.

2019ko irailaren 23an jarri zuten martxan Judas operazioa delakoa, eta orduan atxilotu zituzten auzipetutako pertsonetatik bederatzi. Azkenean, guztira hamahiru lagun atxilotu zituzten polizia-indarrek, baina haietako baten kontrako auzia bertan behera utzi zuten duela urte eta erdi; beraz, hamabi dira gaur egun auzipetuta daudenak.

Lehenengo atxilotu zituzten bederatzi kideetatik zazpi, espetxeratu egin zituzten Madrilgo Soto del Realen. Hiru hilabete beranduago geratu ziren aske, fidantzapean. Prozedura osoan zehar, auzipetuen kontrako froga falta eta "irregulartasunak" salatu dituzte.

Gastu militarra %13 igo zen Europan 2022an
Gerra Hotza amaitu zenetik urtebetean izan den hazkunderik handiena da. Azken zortzi urteetan, mundu mailako gastu militarrak ez dio igotzeari utzi.