AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Correoseko gutxienez 232 langile izan dira kutsatuak edo bakartuak

Osasungintzako langileen ondoren, Hego Euskal Herrian kutsatuen ehuneko handiena duen arloa da Correoseko langileena; gutxienez 232 langilek pairatu dituzte birusaren ondorio zuzenak. Segurtasun neurriak exijitzeko borrokan aritu badira ere enpresak ez ditu beharrezko neurriak ezarri, eta Covid-19ak gogor kolpatu ditu.

Espainiako Estatuaren agindupean jarduten duen Correos enpresak berak apirilaren 13an eguneratutako datuen arabera, Hego Euskal Herrian, enpresa horretako 75 beharginek eman dute positibo koronabirusaren proban. Bestalde, beste 157 dira kutsatuekin kontaktua izateagatik berrogeialdian jarri eta bakartu dituzten langileak. Denera, beraz, Correosentzat soldatapean lanean dabiltzan 232 langileri eragin die birusak modu zuzenean, gutxienez. Datu horiek kontuan hartuta, Hego Euskal Herrian arlo honek izango luke kutsatuen bigarren ehunekorik handiena, osasun-langileen atzetik.

UGT eta CCOO sindikatuek salatu dutenez, Correos enpresak beharrezko segurtasun neurriak ezarri ez dituelako gertatu dira hainbeste kutsatze. "Higiene mekanismo desegokiak" izateaz gain, langileek 20 egunez prebentzio neurririk gabe jardun behar izan dutela jakinarazi dute. Bestalde, enpresari, "ezarritako errotazio neurriak" ez errespetatzea egotzi diote, horrek kutsatze arriskua areagotu duelakoan.

Langileen borrokak

Salbuespen egoera hasi zen astean bertan, adierazpen bateratu bat atera zuten Espainiako Estatuan Correosentzat lan egiten duten langileek, lanpostuan jasaten ari ziren arriskua zela-eta. Azaldu zuten, gainera, lanera joateari uko egingo ziotela enpresak langile bakoitza babesteko materiala bermatu ezean. Bi egunen buruan hasi zen enpresa zenbait neurri ezartzen, baina ez nahikoak.

Hego Euskal Herrian 232.825 langile daude salbuespen egoeran aurkeztutako aldi baterako erregulazioen eraginpean
Hego Euskal Herriko enpresek salbuespen egoeran osatutako aldi baterako lan-erregulazio txostenek, gutxienez, 232.825 langileri eragin diete. Hala, momentu honetan, aurretik kontratupean lanean zeuden bost langiletik bat daude dosier horien eraginpean.