AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Covid-19aren zantzuak dituzten osasun-langileak lanera joatera behartu ditu Osakidetzak

Sukarrik ez duten osasun-langile guztiek joan beharko dute lanera Osakidetzan, koronabirusaren bestelako zantzuak izan arren. Gainera, "funtsezko" osasun-langileei dagokienean, familia-medikuek ezingo dizkiete aldi baterako ezintasun-bajak eman aurrerantzean. Gutxienez 1.200 behargin kutsatu ditu koronabirusak Osakidetzan, eta atzo jakinarazi zutenez, gaitza gainditu dutela ziurtatu gabe, haien lanpostuetara itzultzera derrigortu dituzte batzuk.

Naiz-ek jakinarazi duenez, Osakidetzak barne-mailako mezu bat helarazi zien atzo osasun-langileei. Covid-19 birusaren zantzuak dituzten langileek ere, sukarrik ez badute, lanera joan beharra dutela adierazi zien modu horretan. Hortaz, gaixoak artatzen jarraitu beharko dute arnasarekin lotutako sintomak dituzten beharginek ere; esaterako, eztula dutenek. Kasu horietan, maskarilla izango da erabiliko duten babes neurri bakarra.

Gainera, orain arte, familia-medikuek eskumena izan dute aldi baterako ezintasun bajak emateko. Aurrerantzean, ordea, "funtsezko osasun-langileei" ezingo diete bajarik eman haien Prebentziorako Zerbitzuek azterketa egin aurretik.

Pilar Uriarte Osakidetzako Giza Baliabideen zuzendariak eta Ana Bustinduy Asistentzia Sanitarioko zuzendariordeak sinatu dute barne-mailako dokumentua.

Bestalde, atzo bertan argitara atera zenez, Osakidetzak haien lanpostuetara joatera behartu ditu koronabirusa atzeman dieten hainbat langile, gaitza gainditu dutela PCR froga bidez ziurtatu gabe. Azken datuen arabera, pandemia hasi zenetik, Osakidetzako 1.200 osasun-langile kutsatu ditu Covid-19ak, gutxienez. Nafarroan, aldiz, 536 inguru dira gaixoak.

Ikasle Abertzaleakek "langile klaseko ikasleen defentsarako programa" osatu du, salbuespen egoeraren ondorioei aurre egiteko
Martxoaren 25ean plazaratutako gutxieneko eskakizunez harago, "aldarrikapenetan sakondu eta eta exigentzia zehatzagoak" azaldu ditu Ikasle Abertzaleakek, salbuespen egoerak "ikasle langileon ongizatea ahalik eta gutxien kolpatzea" helburu. Sei puntu barne-bildu ditu programak, "online ikasketa plana bertan behera uztea" eta "ikasgaien gainditze automatikoa" besteak beste. Programaren defentsarekin batera, "gizarte antolamendu kapitalista bere osotasunean seinalatzeko momentua dela" ondorioztatu du IAk, "kalitatezkoa, doakoa eta unibertsala" izan behar duen ikasketa prozesuaren "langile kontrola" aldarrikatzeko unea, hain zuzen.