AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Datorren astelehenean hustu nahi dute Laudioko Gaztetxea

Huste data helarazi diete Laudioko Gaztetxeko kideei: ekainaren 13a, datorren astelehena. Gaztetxea defendatzera deitu dute.

Apiril bukaeran ohartarazi zuten Laudioko Gaztetxea (Laudio, Araba) husteko prozedura abiatu zuela dagoeneko Laudioko Udalak, eta desalojo arriskuan egon da ordutik Langile Kontrolpeko Espazioa. Gaur bertan jakinarazi dute gaztetxeko kideek zehaztuta dagoela jada espazioa husteko data bat: ekainaren 13a, datorren astelehena.

Laudioko Udalak bi urtez izan zuen itxita gaztetxea, Lamuza parkeko —han dago kokatuta gaztetxea— obren aitzakiapean. Dena den, ikusita lanak amaitzean ere espazio berdinera itzultzeko bermerik ez zeukatela, gaztetxeko ateak irekitzeko hautua egin zuten bertako kideek. Otsail erdialdean izan zen hori, eta handik gutxira atera zen argitara espazioa berriz ere husteko bide judizialera jo zuela udalak.

Bide hori eten zezala eskatu zioten udalari gaztetxeko kideek, eta bi aldeen arteko elkarrizketak hasi ziren arren, Langile Kontrolpeko Espazioaren desalojo prozesuari eustea erabaki zuen udal gobernuak. Horren ondorioak argiak dira: aurki hustu nahi dute gunea.

Gaztetxeko kideek azaldu dute, gainera, nabarmena izan dela azken hilabeteetan jasan behar izan duten jazarpena. Besteak beste, polizia-indarrek egin dute haien aurka propaganda politikoa egiten ari zirenetan, eta identifikazioak ere izan dira gaztetxe inguruan.

Hil egin da Garesko lan-istripuan larriki zauritutako bigarren langilea
Minda putzu huts bat garbitzen ari zirela izan zuten istripua bi beharginek, gas metanoa arnastu baitzuten. Han bertan zendu zen langileetako bat, baina zaurituta eraman zuten erietxera bigarrena; jakinarazi dutenez, hil egin da.