AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Datozen asteetan argituko dira Espainiako Estatuko pentsioen erreformaren azken edukiak

Espainiako Gobernua, CEOE patronala eta CCOO eta UGT sindikatuak elkartzekotan dira, hitzordu jakinik gabe. "Pentsioa kalkulatzeko kontuan hartzen den epea ez dugu 25 urtetik 35 urtera zabalduko, baina zabaldu egin beharko da", ziurtatu du Jose Luis Escriva ministroak. Neurri hori Bruselarekin europar funtsak jasotzearen truke hitzartutako baldintzetako bat da.

Pentsio izenez ezagunagoak diren geroratutako soldaten erreformaren bigarren atala zehaztear da Espainiako Estatuan. PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak, patronalak eta sindikatuek hartuko dute parte akordioan, elkartzeko data zehatzaren faltan. Erreformaren aurreko neurri-sortaren ostean, adosteke geratzen diren gaiak negoziatzea baino ez da falta: kotizazio-oinarriak kalkulatzeko urte kopurua, gehienezko pentsioak are gehiago igotzea, kotizazio-oinarriaren muga goitik kentzea eta Alderdi Popularraren "jasangarritasun faktorea" ordezkatuko duen Belaunaldi Arteko Ekitate Mekanismoa (BAEM) martxan jartzea.

Edukiaren marko orokorra, baina, aurretik ezarrita dator Europar Batasunetik. Izatez, PSOEren eta Unidas Podemosen gobernuak Next Generation funtsen inguruan Europar Batasunarekin (EB) sinatutako akordioak hainbat klausula dakartza. Funts horien bigarren zatia desblokeatzeko, adibidez, Espainiako Gobernuak Europar Batzordearekin batera sinatutako dokumentuaren 408. puntuak "pentsioen egokitzeari" egiten dio erreferentzia. Agiriak argi eta garbi dio pentsioen zenbatekoa kalkulatzeko urte kopurua igotzea "ezinbestekoa" dela, baldin eta Espainiako Estatuak funtsak jaso nahi baditu. Jose Luis Escriva ministroak argitu duenez, pentsioak kalkulatzeko urteen oinarriaren luzapena 25 urtetik 35 urterainokoa izango ez den arren, luzatu egingo da. Kopuru zehatza ezezaguna da, oraingoz.

Pribatizazioaren bazka

Bruselaren aginduz, Espainiako Gobernuak beste lege pribatizatzaile bat onartu zuen joan den ekainean. Horrekin, enpresek kudeatzen dituzten pentsio-plan pribatuak gehiago hedatzen joan daitezela erraztu zuen gobernuak. Zenbait langileri pentsio-plan indibidualak eskaintzen aritzen diren enpresak hauspotzeko, horiei zerga-arintze neurriak eskaini zizkien Espainiako Gobernuak: PFEZean (Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zerga) 8.500 euroko beherapena parte hartzen duten langileentzat, edota Tobin Zerga ez ordaintzeko aukera, hau da, trantsakzio finantzarioen gaineko zerga ordaintzetik salbuetsita geratzeko aukera. Gainera, pentsio-plan pribatuak sustatzen dituzten enpresentzat sozietateen gaineko zergan murrizketak izateko aukera ere zabaldu zuen ekainean onartutako legeak.

Frantziako Estatuan ere murrizketak espero dira pentsioen erreforman
Erreforma 2023ko udan onartzea aurreikusten du Emmanuel Macronen gobernuak. Erretreta hartzeko baldintzak gogortuko dituen lege berria dekretu bidez inposatu daiteke, parlamentuko bozkaketa baztertzen duen konstituzioko artikulu bat baliatuta. Gobernuak oposizioa eta sindikatuak mehatxatu ditu: "Prest gaude bidean jarriko direnen gainetik pasatzeko, bai kalean, bai legebiltzarrean".