AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Derrigorrezko soldaduska berrezartzeko pauso bat eman du Alemaniako Gobernuak

200.000 erreserbista gehiago lortu nahi ditu, eta behartutako soldadutza "selektiboa" jarriko du martxan. Galdetegi bat bete beharko dute Alemaniako gizon gazteek, derrigorrez armadarako izena emanez, eta azterketa fisikoak ere egin beharko dituzte batzuek.

Jadanik ez da urrutikoa dirudien mito bat: Mendebaldean, gero eta gehiago dira berriz ere derrigorrezko soldaduska inposatzea aztertzen ari diren estatuak, eta horri begira urratsak egiten ari direnak. Alemanian, adibidez, pauso esanguratsua eman dute oraintsu: behartutako soldaduska "selektiboari" ekingo diote.

Boris Pistorius Alemaniako Defentsa ministroak aste honetan aurkeztu du proposamen bat, armada handitu ahal izateko. Itxura denez, 200.000 erreserbista gehiago izan nahi ditu gobernuak (guztira 460.000 militar edukitzeko), eta armadan izena ematera behartu nahi ditu gizonezko gazteak. Hori lortzeko jarriko dute martxan, hain zuzen ere, derrigorrezko soldadutza "selektiboaren" eredua.

Neurri berriarekin, mutil gazteek galdetegi bat bete beharko dute nahitaez (borondatezkoa izango da emakumezkoentzat): indar militarren parte izateko gaitasuna eta borondatea azaldu beharko dituzte, eta behartutako izen-emate masibo batean parte hartuko dute hala.

Zenbait iturrik aipatu dute urtean 400.000 gaztek erantzun beharko dutela galdetegia, zuzenean armadarako izena emanez. Aurreratu dutenez, izena ematen duten gazte horietako batzuk azterketa fisikoak egitera ere derrigortuko dituzte.

Urtean 5.000 errekruta gehiago

Alemanian, duela hamahiru urte geratu zen bertan behera behartutako soldadutza, baina marjina nabarmen bat uzten du legediak: ustezko gatazka-egoeretan errekrutamendu masibo bat egiteko aukera zabalik uzten du. Orain, erreserbista kopurua handitu ahal izateko pausoak eman nahi ditu gobernuak, eta neurri berria baliatu nahi du horretarako.

Eredu "selektibo" horrekin, urtean 5.000 errekruta gehiago izatea aurreikusi du, 2025etik aurrera. Urtez urte kopuru hori handitu nahi du, gainera. Sei hilabeteko "oinarrizko soldadutza bat" ezarriko diete errekrutatutako pertsonei; epe horren ostean, zerbitzu militarrarekin jarraitu nahi dutenek horretarako aukera izango dute, beste hamazazpi hilabetez luzatuta.

Oraingoan ere, Alemaniako Gobernuak Errusia erabili du aitzakiatzat neurria justifikatzeko. Aditzera eman du bost urte barru, 2029tik aurrera, NATOko estatuei erasoko diela Errusiak.

Iruñeko haur bati sexu-erasoa egin dio irakasle batek
10 urteko haurraren amak eman du erasoaren berri, ukituak jasan zituela esan ondoren. Irakasleek ikasleei egindako sexu-eraso gehiago salatu dituzte Euskal Herriko ikastetxeetan urtean zehar.