AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Desagertu egin dira Ertzaintzak emakume bati Getxon emandako jipoiaren irudiak

Bizkaiko Probintzia Auzitegiak sei hilabeteko zigorra jarri zion iaz ertzain bati, 2018an, emakume bati hainbat ukabilkada emateagatik. Epaiketan "erabakigarriak" izan ziren bideo-irudiak desagertu egin dira auzitegiko artxiboetatik.

Iazko azaroaren 30ean, sei hilabeteko espetxe-zigorra ezarri zion ertzain bati Bizkaiko Probintzia Auzitegiak. 2018an, hainbat ukabilkada eman zizkion Silvia izeneko emakume bati: Getxon (Bizkaia) atxilotu eta polizia-etxera eraman zuten jatorri boliviarreko andrea, eta han eman zizkioten tratu txarrak.

Gezurra badirudi ere, zigor eskaera gogorrak egin zituzten erasotua izan zen emakumearen kontra, bai fiskaltzak, bai Eusko Jaurlaritzak. Fiskaltzak hemezortzi hilabeteko kartzela-zigorra eskatu zuen Silviarentzat, agintaritzari aurre egitea egotzita, bai eta 6.000 euroko isun bat ere, "lesio delitu arin batengatik". Jaurlaritzak are zigor handiagoak eskatu zituen: zazpi urteko espetxe-zigorra eta 6.000 euroko isun bat, Poliziari eraso egitea, lesioak eragitea eta erresistentzia leporatuta.

Auzitegiak, azkenean, desobedientzia egotzi zion Silviari, eta 540 euroko isun bat jarri zion. Ertzainetako bat ere zigortu zuen, "tratu txarrengatik": sei hilabeteko zigor bat baino ez zion jarri, ordea. Bestalde, Silviari 12.400 euroko kalte-ordainak ordaintzera behartu zuen.

Lesio fisikoak eta psikologikoak egiaztatzen zituzten auzitegiko medikuen txostenez gain, epaiketan "erabakigarriak" izan ziren polizia-etxeko hainbat bideo-grabazio ere. Irudi horietan ikus zitekeen nola egin zion eraso Silviari Ertzaintzak. Grabazio horiek, baina, galdu egin dira orain: "bat-batean desagertu" dira Bizkaiko Probintzia Auzitegiko artxiboetatik. Horretaz baliatuta, epaiketa hasieratik errepika dezatela eskatu du Eusko Jaurlaritzak.

Ongietorriak direla-eta, sei pertsona auzipetzeko eskatu du berriz Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak
2018an irekitako auzi bat hartu dute oinarritzat Antton Lopez Ruiz, Haimar Altuna, Oihana San Vicente, Oihana Garmendia, Kai Saez de Egilaz eta Pipe San Epifanioren kontra. Orduan atxilotu zituzten Lopez Ruiz eta Garmendia, eta 2020an ere eraman zituzten atxilo haiek biak, Altuna eta San Vicente.