AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Dia supermerkatuetako Bizkaiko langileek lanuzteak egin dituzte kaleratzeen kontra

Martxoaren 25ean egin zituzten lanuzteak sei lankideren kaleratzea salatzeko. Antza, enpresak berehala itxi behar zuen denda batera lekualdatu zituen langile horiek, enplegu-erregulazioko espediente bat ekiditeko eta, horrela, kaleratzeak merkeagoak izateko.

Dia supermerkatuen enpresak bere jabetzako hiru denda itxi ditu aurten Bizkaian eta, orain arteko kasuetan, langileak beste denda batzuetan birkokatu dituzte. Azkenengo itxieraren ondoren, baina, sei langile kaleratu zituen enpresak. Salatu dutenez, gainera, "estrategia berriarekin", enplegu-erregulazioko espedientea (EEE) ofizialki ekidin eta modu irregularrean aritu da Dia.

Izan ere, sei beharginak EEE baten bidez kaleratu beharrean, berehala itxiko zuen lantoki batera tokialdatu zituen Diak. Hala, lantokia segituan itxi eta kaleratzeak espedientea tramitatu gabe gauzatzea ez ezik, horiek merkatzea lortu du enpresak.

ELA sindikatuak kaleratzeak "oso ondo planifikatuta" zeudela salatu du, antza, langile finkoak kaleratzea eta lanpostu horiek behin-behineko bihurtzea bilatzen baitu enpresak. Hori ez ezik, kaleratzeen bidez haien lan-baldintzak okerragotzen direla diote langileek, lan-karga handitzen baitzaie.

Egoerari aurre egiteko mobilizatu ziren langileak aurreko ostiralean, martxoaren 25ean, Despidorik ez, reubicación ya! lelopean. Lanuzteak egin zituzten Diaren supermerkatuetako Bizkaiko langileek.

Borrokan jarraitzen dute ISNNko langileek
Astebete baino gehiago daramate greban beharginek. Jakinarazi dutenez, horren aurrean, ekoizpen-katea urratzeko hautua egin du Volkswagenek; ISNNko langileek egiten dituzten lanak bete gabe ari dira autoak lantokitik ateratzen.