AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Durangaldeko Beharginon Autodefentsa Sarea jaio da, "presio sozialaren bitartez garaipenak lortzeko"

"Datozen hamarkadetan langile klase osoak zamatu beharko dituen baldintza" kaskarren aurrean, "langileon egoera materiala hobetzeko mobilizatzea" izango du helburu Durangaldeko Beharginon Autodefentsa Sareak. Hala, "metaketa ziklo berriak hartzen dituen esplotazio forma" berrien testuinguruan kokatuz, horiei "antolakuntza forma berriekin aurre" egiteko erreminta modura aurkeztu dute egitasmoa.

Hala, azaldu dute martxan jarriko duten mobilizazio eredua "aldarrikapen zehatzak lortzera begirakoa" izango dela eta ez "salaketa abstraktu eta hutsaletara bideratutakoa". "Etengabeko lekualdatzeek, sindikatzeko eskubiderik ezak, epe laburreko lan kontratuek eta abarrek, lantokia borrokarako esparru gisa auzitan jarri" dutela gaineratu dute, eta haien asmoa ez dela "ohiko sindikalgintzari bere borroka esparrua lehiatzea, babesgabe dagoen langile klaseko zati geroz eta handiago bati auto antolakuntzarako erreminta bat eskaintzea baizik".
Esplotazio forma berriei, antolakuntza forma berriak
"Metaketa ziklo berriak hartzen dituen esplotazio forma" berrien testuinguruan kokatu dute autodefentsa sareko kideek haren jaiotza; hala nola, "kontratu gabeko langileei ez ordaintzea, adostutakoa baino gutxiago kobratzea, aparteko lan orduak egitera behartuta egotea, lanean mespretxu edo eraso etengabeak jasatea, edozein momentutan deituta lanera joatera behartuta egotea", eta abar. "Esplotazio forma berri" horiei "antolakuntza forma berriekin aurre" egiteko tresna modura aurkeztu dute sarea, beraz.
"Bizirauteko lan egitera derrigortuta gauden denon ardura da, langile klase osoarena, alegia, itxuraz arazo indibidualak diren horiei era kolektiboan erantzutea. Bakarrik ahulak gara, baina, elkarrekin asko dugu aldatzeko eta historia da horren lekuko", adierazi dute. Hala, "beharrezko dugun langile batasuna saretzeko" sortu dute BAS, Beharginon Autodefentsa Sarea.
Autodefentsa sareen loraldia
Aurten, BASetaz gain, autodefentsa sare gehiago erdietsi dituzte Euskal Herrian. Esaterako, Lubaki Langile Elkartasun Sarea aurkeztu zuten Bergaran (Gipuzkoa) irailean eta, handik egun gutxira, Bilboko (Bizkaia) Langile Autodefentsa Sarearen berri eman zuten Bilbon. Bestalde, Iruñerriko (Nafarroa) Langileen Autodefentsa Sarea aurrera doa bere jardun eta borrokekin; iragan astean bertan jaso genuen kazeta honetan haien azken garaipenaren inguruko albistea. Hain zuzen, Baztan eta Sotiko Aitona ostatuetako jabeek bost langile ohiri zor zieten dirua ordaintzea lortu dute LASeko kideek, asteetako borrokaren ostean.
Hona hemen Durangaldeko Beharginon Autodefentsa Sarearen aurkezpen oharra, osorik:
Erresistentzia Kutxa Nazionala "indartzeko" eta jardun politikoari "hauspoa emateko", Elkartasun Jaialdia egin zuen Errakik larunbatean
Erresistentzia Kutxa Nazionala "indartzeko" helburuarekin antolatu zuen Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sareak larunbateko jaialdia, Azpeitiko Gaztetxean. Iragan ekainean aurkeztu zuten kutxa, "gune autogestionatuen aurkako oldarralditik babesteko tresna" modura. Izan ere, azaldu dute "burgesiak botere inplizituz kontrolatzen dituen espazioak berreskuratzea" jo du helburutzat Errakik; "jabetza berreskuratzea". Dena den, prozesu horretan, "ezinbestekoa" ikusi dute "ezinbestean etorriko den kapitalaren erreakziotik babesteko mekanismo eraginkorrak martxan jartzea", tartean, "erresistentzia ekonomikoa".