AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

E-mail bat jarri du martxan Gerizpek, "emakume langile izateagatik jasaten ditugun zapalkuntza zehatzak jakinarazteko eta salatzeko"

Gerizpek, Tolosaldeko Emakume Langileon Defentsa Taldeak, e-mail helbide bat jarri du martxan, "emakume langileok eskualdean bizitzen ari garen egoera ezagutu eta informazio andana elkartu" asmoz. Gainera, erasotuak diren subjektuen sare bat sortzeko eta Gerizpe antolakuntza tresna modura indartzeko ere erabiliko dute e-mailaren bidezko kontaktua. Covid-19aren hedapenak eragindako testuingurua ofentsiba kapitalistaren baitan aztertu dute taldeko kideek, eta egoera horretan emakume langileak jasaten dituen zapalkuntza modalitate ezberdinak azaldu dituzte.

E-mail helbide bat martxan jarri berri du Gerizpek, Tolosaldeko (Gipuzkoa) Emakume Langileon Defentsa Taldeak. Gaur argitaratutako adierazpen baten bidez, Covid-19 birusaren hedapenak eragindako testuingurua aztertu eta e-mailaren funtzioak zehaztu dituzte Gerizpeko kideek. Bertan, bizi dugun krisialdia sistema kapitalistaren baitan kokatu dute, eta berekin etorri den "langileon aurkako ofentsiba zuzena" salatu dute. Ez direla "etxean isilpean eta isolaturik" geldituko adierazi dute; "gure azalean jasaten ari garen eraso bakoitza salatzea dagokigu".

Emakume langilea, bereziki kolpatua

Koronabirusaren kutsatzeak sortutako krisialdiarekin, emakume langileek "bizi baldintzen okertzea oraindik eta modu lazgarriagoan" jasango dutela ohartarazi dute defentsa taldeko kideek. Hiru aspektu ezberdin aipatu dituzte, hala, baieztapen hori argudiatzeko.

Batetik, azpimarratu dute emakume langileak direla "baldintza okerrenak dituzten lanak" egiten dituztenak, orokorrean. Bereziki, Tolosaldean azken egunotan ematen ari den kasu bat ekarri dute gogora: "Iurramendi egoitzan langile eta egoiliarrak bizitzen ari diren egoera lazgarria". "Garbitzaile enpresetako langileak, zaharren zaintzaz arduratzen direnak eta egoiliar lanetan ari direnak" edota "positibo eman duten gaixoak inongo segurtasun baliabiderik gabe" zaintzen ari direnak ere aipatu dituzte.

Bestetik, "bai konfinamendu garaian bai atzeraldi ekonomikoan, indarkeria testuinguruak" areagotu egingo direla aurreikusi dute, "horrek ondorio krudelenak eraginez emakume langileongan".

Azkenik, familia unitateetan emakume langileak izaten duen lan-kargari erreparatu diote Gerizpeko kideek, "familia osoaren erreprodukziorako ia jarduera guztiak" bere gain hartzen baititu.

E-mailaren funtzioak

Momentuz, "egunez egun emakume langile izateagatik jasaten ditugun zapalkuntza zehatzak jakinarazteko eta salatzeko", e-mail helbide bat jarri dute abian: gerizpeharremanak@gmail.com.

Helburu hauek bete nahi dituzte salaketarako e-mail horrekin:

  1. "Emakume langileok eskualdean bizitzen ari garen egoera ezagutzea eta informazio andana elkartzea".
  2. "Egunerokotasunean eremu guztietan erasotuak garenon saretze bat egikaritzea".
  3. "Ahalik eta indar gehien batzea, zapalkuntza zehatz bakoitzari aurre egiteko antolakuntza tresna are eraginkorragoa eraikitzeko".

Azken egunetan, eraso matxista ugari

Hainbat eraso matxista salatu dituzte azken egunetan Euskal Herrian. GEDAR LANGILE KAZETAn jasotako azkena, atzo Gasteizen (Araba) gertaturikoa. Asteburuan ere, bi eraso salatu zituzten gutxienez; bata Galdakaon (Bizkaia), eta bestea Gasteizen.

Ipar Euskal Herrian ere sartuko da Frantziako Armada
Frantziako Armadak Baionan esku hartzea aurreikusi dute, baina baliteke Ipar Euskal Herriko beste saltoki-gune eta hondartza batzuetan ere sartzea, "zaintza-lanetan" jarduteko.