AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

EAJko enpresari batek onartu du legez kontra esleitu dizkiotela kontratu publikoak Hondarribian

2023ra arte egon da udal-gobernuan EAJ, eta Montai taldeko enpresaburuak epaiketa batean onartu du legez kontrako kontratuetara sarbidea izan zuela agintaldian. Jeltzaleak dira bai bera bai esleipenak egiten zituen zinegotzia.

Ez dira inolako sekretua EAJren azpijokoak eta ustelkeria, baliabide publikoen kudeaketan. Gipuzkoako enpresaburu jeltzale batek, baina, berriz utzi du agerian zer nolako praktika irregularrak dituen alderdiak aginte-instituzio publikoetan. Kasu honetan, Hondarribiko Udalean gobernuan izandako jeltzaleak utzi ditu nabarmen Aitor Elorzak; Gipuzkoako EAJko kidea eta Montai enpresa-taldeko burua. Izan ere, epaiketa batean onartu du EAJ gobernuan izan zenean, udalak legearen kontra esleitu zizkiola kontratu publikoak bere konpainia-taldeari. 2023an amaitu zen agintaldi hori.

Une horretan, lau sozietatek osatzen zuten Montai enpresa-taldea, ekitaldien antolaketan eta muntaketan aritzeko. Elorzak epaile baten aurrean onartu duenez, Hondarribiko Udalak legez kontra esleitzen zizkion kontratu publikoak, eta egoeraren jakitun izateaz gain, kontratazio hori sustatzen zuen. Horixe bera frogatzen du, esaterako, Juan Luis Silanes Kalixa Kultura zinegotzi ohiak akusazioa ukatu ez izana; esleipen gehienen arduradun izan zen bera.

Langile batek azaldu ditu garai hartan izandako irregulartasunetako batzuk. Lehiaketa publikorik gabe esleitzen zizkioten kontratuak enpresa-taldeari, eta kontraturen batean legezko muga maximoa (15.000 euro) gainditzen zenean, tranpa erraz bat egiten zuten: talde berari lotutako beste IFK (CIF, gazteleraz) bat ematen zuten, udalaren diru gehiago jasotzen jarraitu ahal izateko. ElDiario.es-en arabera, Elorzaren menpeko enpresek "monopolio-erregimen" bat ezarri zuten Hondarribian urte horietan, eta, denera, udalaren 2,5 milioi euro inguru lortu zituzten 2010etik 2020ra bitartean. Besteak beste, Itsas Etxearen eta Kultur Etxearen kudeaketa egon da Montairen esku.

Itxura denez, aipatutako bi espazio horiez arduratzen zen langileak hainbatetan ohartarazi zuen alkatea, Txomin Sagarzazu, izaten ari ziren irregulartasunez. Gerora demanda bat aurkeztu zuen andreak, baina eskatzen zuelako udal-langile izenda zezatela, udal-zerbitzua urte luzez enpresen bidez eman duenez, ez baitute udal-langiletzat jo. Demanda horrengatik izan da martxan prozesu judizial bat, eta langileari arrazoia emateaz gain, sententzian onartzen da Hondarribian esleipen zuzenak jaso dituela enpresaburu jeltzaleak, praktika zalantzagarriekin. Dena den, badirudi ez dela legez kanpoko kontratazio horiei buruzko eginbiderik ireki: kontratu publikoak jasotzen jarraitzen du Elorzak, eta EAJren askotariko ekitaldiak antolatzen segitzen du Montaik.

Aske utzi dute Balbino Saenz preso politikoa, zigorra osorik beteta
Espainiako Estatuan hamarkada bat baino gehiago daramate preso politikoei kontaketa bikoitza ezartzen, baina, teorian, iazko urrian indargabetu zuten neurria. Saenz da erreforma aplikatu dioten bigarrena, Arenas Kamaradaren ondotik.