AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Egiluzko proiektuarekin aurrera egiteko hautuan berretsi dira Hondarribiko Gaztetxeko kideak

Hondarribiko Udalarekin izandako elkarrizketen berri eman dute Hondarribiko Gaztetxeko kideek.

Hondarribiko Gazte Asanbladak apirilaren 19an eman zuen Egiluz jauregiaren birjabetzearen berri. Bertan jarri zuten martxan Hondarribiko Gaztetxe berria, eta ordundik, asanbladaz asanblada eta auzolanez auzolan aritu dira proiektua ehuntzeko lanetan. Hamaika jarduera ere egin dituzte; hala nola, hitzaldiak, ikus-entzunezkoen emanaldiak eta otorduak. Bestalde, apirilaren 23an jakinarazi zuten gaztetxeko lau lagun auziperatu dituztela birjabetzearen harira.

Pasa den ostiralean, maiatzak 10, agerraldia egin zuten Hondarribiko Gaztetxeko kideek. Egiluzen garatzen ari diren proiektuarekin aurrera egiteko hautuan berretsi ziren: "Elizak utzitako espazioa berreskuratu dugu, eta beharrezkoa ikusten dugu birjabetze hori. Hondarribiak gaztetxe bat behar duela ere argi dugu, eta behar horrengatik dena emateko prest gaude". "Ez gara hemendik mugituko", gehitu zuten.

Elkarrizketak Hondarribiko Udalarekin

Prentsaurrekoan Hondarribiko Udalarekin izan dituzten elkarrizketen berri eman zuten gaztetxekoek. Azaldu zuten udaletxera bertaratu zirela "proiektua azaltzeko" eta udalekoen "zalantzak argitzeko". Dena den, nabarmendu zuten ez zirela "negoziatzeko" bildu haiekin: "Gune autogestionatua da hau eta horrela izaten jarraituko du, ez dugu inongo loturarik nahi instituzioekin".

Udalekoek esan zieten "beti egon direla gazteen kezkei kasu egiteko prest", baina gaztetxeko kideen arabera, hori "ez dator errealitatearekin bat": Egia balitz udala gure mesedera dagoela, ez ginateke puntu honetan aurkituko". Izan ere, prentsaurrekoan salatu dute Hondarribiko Alde Zaharra "kontsumorako produktu turistiko bihurtu" dutela, "herria ustela eta itzalita dagoen bitartean". Egiluz jauregia prozesu horren adibide bat dela nabarmendu dute, urte luzez "zabortegi modura utzita" egon baita. Beraz, eraikina birjabetzean eta gaztetxea martxan jartzean, "auzoari eta herriari bizitza eman" diotela iritzi dute gaztetxeko kideek.

Udalak zein gaztetxeak "elkar errespetua" galdegin dute. Udalaren esanetan, gaztetxekoek "eskubide osoa" dute "beren kabuz proiektua aurrera eramateko": "Espero dugu hitz horiek zintzoak izatea, jakin badakigu udalak zeresana eta zeregina baduela, eta haren erantzukizunak momentu oro izango ditugu kontuan", gehitu dute.

Gernikako Eztenako hiru kidek 1.080 euroko isuna ordaindu beharko dute 15 eguneko epean
2017. urtean birjabetu zuten Gernikako Bloke Naranja, eta bertan jarri zuten martxan Eztena proiektua. Hiru kide auziperatu dituzte birjabetzearen harira. Hala, auzibide zibila zabalik dagoen arren, auzibide penalak badu ebazpena: 1.080 euroko isuna ordaindu beharko dute, eta betearazpen-aginduaren arabera, 15 eguneko epea dute horretarako.