AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

EH Bilduko udal arduradunek Esklabetako proiektuaren aurka izandako jarrerak jatorri politikoa duela salatu dute Krisiaren Seme-Alabek

Krisiaren Seme-Alabek publiko egin duten komunikatuaren eta txostenaren bidez, EH Bilduko udal arduradunek euren proiektuaren aurkako hainbat neurri hartu dituztela salatu dute: argi eta ur mozketak, udaltzainen identifikazio saiakera edo herriko hainbat eragile euren proiektua baldintzatzeko erabili izana. Krisiaren Seme-Alabek “jarrera aldaketa” eskatu diete EH Bilduko udal agintariei. Azarotik mahai gainean duten eraikinaren zesio formalaren proposamena da proiektuaren kideentzat “auzi politikoaren konponbidea”.

Azken hilabeteetan bi aldeek izan duten gatazkaren jatorria, hasieran uste zutenaren aurka, teknikoa ez eta politikoa dela azaldu dute Krisiaren Seme-Alabek. Hori agerian uzteko, komunikatu bat eta 30 orriko txosten gehigarria publiko egin dituzte. Urritik gaur arte antolatzen dabiltzan “proiektu etiko-politikoaren” nondik norakoak azaldu dituzte bertan.

Era berean, EH Bilduko udal agintariei jarrera aldaketa eskatu diete, duela gutxi arte udal ordezkariekin izan duten elkarrizketa mahaian nabarmendu den “borondate falta” salatzearekin batera.

Krisiaren Seme-Alaben arabera, prozesua erabat gaiztotuta dago. Azpeitiko udal agintariek ura eta argindarra moztu dieta eta udaltzaingoa proiektuko kideak identifikatzera joan da. Era berean, herriko hainbat eragile gatazka sustatzeko “instrumentalizatu” egin dituela udalak iritzi dute. Esklabetako beheko solairuan biltegiak esleitu dizkiete azken horiei, eraikina okupatuta dagoela jakin arren.

Auziari irtenbidea emateko borondatea erakutsi dute Krisiaren Seme-Alabek

Bost zatitan egituratzen den txostenean informazio teknikoarekin batera azken hilabetetako gertakarien inguruan mintzo dira Krisiaren Seme-Alabak. Tartean aldebiko mahaian gertatutakoak aipatu dituzte. Azaldu dutenez, euren “borondatea ona” mugaraino eraman dute: “auzia konpontzeko borondate osoa erakutsi dugu”.

Besteak beste, Jaurlaritza eraikinaren eskuin hegalean gauzatzen ari den proiektua dela eta, epe baterako ezker hegaletik irten ziren eraikin soziala gorpuzten ari diren kideak, udalak hala eskatuta. “Arrazoi tekniko zein juridikorik” ez zegoela argi bazuten ere, euren “borondate ona” erakutsi nahi izan zuten horrela. Hasiera batean, lan teknikoak egiteko teknikariek beharrezkoa zuten 3 asteko epea baina, 3 hilabetera arte luzatu zen. Hala eta guztiz ere, proiektuko kideek epe hori amaieraraino errespetatu zutela nabarmendu dute, luzatu egin bazen ere.

Era berean, okupazioa gauzatu aurretik eraikinean biltegiak zituzten eragileekin lehen egunetik harremanetan jarri eta konponbideetara heldu zirela azaldu dute Krisiaren Seme-Alabek.

EH Bilduko udal ordezkarien jarrera, ordea, bestelakoa dela uste dute, haien konpromisoak ez dituztela bete iritzi baitute. Besteak beste, salatu dute elkarrizketa mahaia zabalik zegoen bitartean koalizioak barne ohar bat zabaldu ziola bere oinarriari; bertan Krisiaren Seme-alaben proiektuaren gainean “gezurrak” zabaldu zituen koalizioak proiektuko kideen arabera.

Okupazioa delitu izateko eraikinaren jabearen borondatea ezinbesteko baldintza

Txostenaren 5. atalean auzi juridikoa landu dute. Zehazki, eraikinaren “zesio formala” gauzatzeko proposamenaren bideragarritasun juridikoa jarri dute mahai gainean. Zesioari erreferentzia egiten dioten legearen artikuluak ere zehaztu dituzte.

Arlo juridikoari dagokionean, txostenaren 2. atalean, okupazioa delitu izateko eraikinaren jabearen borondatea ezinbesteko baldintza dela adierazi dute. Horretaz gain, esklabetako eraikinean ere araudi zibila aplikatzen dela frogatu nahi izan dute, instituzio publikoen jabetza pribatua den heinean.

Ildo politiko sozialistaren bidean egindako proiektua

Puntu berean, antolakuntza eredua ere jorratu dute, proiektuaren funts politikoa zein den argitu dute zehazki. Euren ildo politikoa “sozialista” dela argitu dute: elkartasuna, batasuna eta antolakuntza jarri dituzte proiektuaren oinarrian.

Txostenaren 3. puntua garatu asmo dituzten proiektuei eskaini diete. Hala nola, publiko egin duten jantoki sozialaren, etxebizitza proiektuaren, komunitate politikoaren eraikuntzaren eta ofizio tailerraren gaineko zehaztapenak eman dituzte bertan.

Era berean, testuinguruaren azterketa ere egin dute txostenean. Instituzio publikoen izaera kapitalista azpimarratu eta balore burgesen dekadentzia mahaigaineratu dituzte.

Krisiaren Seme-Alaben arabera, gorpuzten ari diren proiektu politikoaren izaera eta “berau gauzatzeko zilegitasuna” da ezbaian dagoena. Baita proiektua modu autogestionatuan gauzatzeko gaitasunaren aitortza edo aitortza eza.

Finean, “babes gunea” eraiki nahi dute kapitalismoak gehien kolpatzen dituen sektoreentzat. Zentzu horretan, auzia konpontzeko “borondate politikoa” behar dela azpimarratu dute. Hori dela eta, beharrezkoa ikusi dute proiektuaren zilegitasunaren “defentsa publikoa” egitea, “eztabaida behar den lekuan eta behar den moduan” eman dadin.

Ezpala gaztetxea birjabetu dute berriz Tolosan
Tolosako Gazte Asanbladak Ezpala gaztetxea zena birjabetu du berriro: "Gure beharrak asetuko dituen espazio baten beharra gero eta handiagoa da", azaldu dute. Azkenaldian "gaztetxeen loraldia" bizitzen ari garela iritzi dute asanbladako kideek: "Gure egiten ditugu, langileon baitako guneak baitira".