AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

EHUk Zibersegurtasun Katedra gelditu behar izan du

Errektoretza prest zegoen, sionistekin lankidetzan, Zibersegurtasun Katedra abiatzeko; hainbat irakaslek, baina, uko egin diote aukera horri. EHUko ikasleek martxan daukate sinadura bilketa bat, exijitzen duena, besteak beste, unibertsitateak sionistekin duen harreman oro eten dezala eta Polizia unibertsitatetik kanpora dezatela.

Momentuz, Zibersegurtasun Katedra abiarazteko prozedura bertan behera utzi behar izan du Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU/UPV). Hordago-k joan den martxoan jakinarazi zuenez, unibertsitateko Gobernu Kontseiluak otsailean onartu zuen katedra sortzea, Espainiako Zibersegurtasun Institutuarekin (INCIBE) batera. Sionistekin lankidetza bati bide egiten dio proiektuak, Tel Aviveko Unibertsitatearekin elkarlanean arituta, nagusiki: unibertsitate horren materiala erabiltzea edota armada sionista genozidarekin harreman zuzena duen aditu batek parte hartzea aurreikusten da.

Albistea argitara atera eta zenbait aste beranduago, eta EHUko errektoretzak jasandako presioa nahiz hainbat irakasleren ukoa eta gero, atzera egin behar izan du unibertsitateak: badirudi geldirik dagoela Zibersegurtasun Katedra aurrera eramateko prozedura. Orain arte, baina, hura martxan jartzeko prest agertu da errektoretza, eta horrek zuzenean zekarren sionistekin eskuz esku aritzea.

Desadostasuna EHUko errektoretzarekin

Hordago-ren esanetan, Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Departamentua arduratzen da Zibersegurtasun Katedran landuko liratekeen edukiez, eta proiektuari buruz eztabaidatzean, EHUren proiektuarekin desados dagoela erakutsi du. Bozketa baten bidez, katedrari lotutako lehiaketa publikoa atzera botatzea erabaki du departamentuak, iritzita arriskua dagoela "[proiektuaren] memorian aipatzen den enpresa israeldarrak lortzeko katedraren esleipena".

Beraz, ezezkoa eman du Konputagailuen Arkitektura eta Teknologia Departamentuak, aurreikusita ezinezkoa izango litzatekeela katedrak "modu arruntean funtzionatzea". Irakasleen gehiengoa, izan ere, ez dago prest horretan lan egiteko, "etika eta kontzientzia arazoak" direla-eta. Badirudi, dena den, aurrera jarraituko dutela Zibersegurtasun Katedrarekin, baina sionistekin lankidetzan aritzea saihestu nahi dute. Bitartean, hura abiatzeko prozedura gelditu dute.

Aurten, gainera, EHUko errektoretzari presioa egin dio Klaustroko hautetsien gehiengoak (128 kidek), exijentzia argi batekin: "Israelgo Estatuko instituzioekin, enpresekin, unibertsitateekin edo ikerketa-zentroekin harremanik ez izatea".

EHU, sionisten eskutik

EHUren Kode Etikoak, teorian, honakoa jasotzen du: "Merkataritza-harremanak saihestuko ditugu abusuzko edo diskriminaziozko praktikak egiten dituztenekin edo Kode honen irizpideak argi eta garbi urratzen dituztenekin, sektore publikoko kontratuen arloko legeriak horretarako aukera ematen duen neurrian. Bereziki, unibertsitateak ez du lagunduko gerra- edo indarkeria-jarduerak garatzen edo bultzatzen". Hala ere, orain arte, erabateko lankidetza bat aurreikusten zuen sionistekin EHUko Zibersegurtasun Katedrari buruzko proiektuak.

Eta ez hori bakarrik: azken hilabeteetan hamaika protesta-ekintzaren bidez salatu izan duten moduan, estatu sionistari lotutako hainbat enpresarekin harreman zuzena dauka EHUk; besteak beste, Sapa Placencia arma-enpresarekin, aeronautikako ITP Aero enpresarekin eta CAF trenbide-enpresarekin.

Ikasleen sinadura bilketa

Palestinarren kontrako sarraski bete-betean, eta sionistekin lankidetza zuzen bati bide egiten zion katedra baten sorrera onartu ondoren, ikasleen jardun politikoa kriminalizatzeko kanpaina bati ekin zion EHUk: aurreko hilean, adierazpen bat argitaratu zuen Unibertsitate publikoaren eta bertoko ikasle eta langileon alde izenpean.

Hurrengo astean, baina, agerraldi bat egin zuten EHUko hainbat ikaslek, unibertsitateko bestelako langile-sektore batzuen babesarekin: EHUko errektoretzaren idatziaren kontra agertu ziren, eta sinadura bilketa propio bati ekin zioten. Bi aldarri nagusi egin zituzten ikasleek: "Polizia unibertsitatera ez sartzea eta eskubide politikoak bermatzea, hala nola biltzeko edo propaganda egiteko eskubidea", eta EHUk "Israelekin duen harreman oro etetea".

Ikasleek martxoaren amaieran jakinarazi zutenez, ordurako jada, handiagoa zen euren exijentziek jasotako babesa, EHUk plazaratutako adierazpenari emandakoa baino. Oraindik badago aukera ikasleek mahaira ateratako eskaerekin bat egiteko, ondoko loturan sinatuta:

Berriz eraso diote Zuiako Gaztetxeari
Goizaldean, harrikadaz hautsi dituzte Gaztetxeko leihateak. Aurretik ere jasan dute margoa botatzea, pintaketak egitea edota fokoak apurtzea. Ostiral honetan, eraso horiek guztiak salatuko dituzte protesta baten bidez, Murgian.