AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Eibarren etxegabetze bat geratzea lortu dute Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak eta Sadaqak

Atzorako zegoen finkatuta pertsona baten kaleratzea, baina helegite bat aurkeztu zuten Kontseilu Sozialistak eta Sadaqa elkarteak. Etxegabetzea bertan behera geratzea lortu dute, baina Kontseilu Sozialistako kideek azaldu dutenez, "muga nabarmenak" dituzte "helegiteek eta bide judizialek".

Joan den uztailean jakinarazi zuten hiru lagun etxegabetuak izateko arriskuan zeudela Eibarren (Gipuzkoa), eta hain zuzen, atzorako, irailaren 21erako, zegoen ezarrita pertsona horietako baten kaleratzea. Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak eta Sadaqa elkarteak, dena den, horri aurre egiteko bide bati ekin zioten elkarlanean, inor "kalean ez geratzeko konpromisoari helduta". "Kasua nola bideratu zitekeen aztertu" ostean, helegite bat aurkeztu zuten bi eragileek, etxegabetua izatekoa zen pertsonaren "zaurgarritasun egoerari" azpimarra eginda; "errentzatzailearekin elkarrizketa-mahai bat irekitzea" ezinezkoa izan dela azaldu dute Kontseilu Sozialistako kideek.

Emaitzak izan ditu irekitako bide judizialak: helegitea onartu dute eta, beraz, atzera bota dute atzorako finkatuta zegoen etxegabetzea. Kontseilu Sozialistak, baina, ohartarazi du "muga nabarmenak" dituztela "helegiteek eta bide judizialek", "jabetza pribatua etxebizitza eskubidearen gainetik babesten dutelako, legeetan jasotzen ez diren kasuak direlako zein prozedura burokratikoek horien aplikazioa guztiz oztopatzen dutelako".

Gaur egun bizitzen ari garen "bizitzaren garestitze orokorrak", gainera, "biztanleriaren pobretze orokorra" dakarrela salatu dute Kontseilu Sozialistako kideek. Horrek, besteak beste, "miseria gero eta gehiago hedatzea" eta "etxegabetze kasuak ohikoagoak egitea" eragiten du, haien esanetan. "Horren aurrean, antolakuntzaren garrantzia nabarmendu" dute; "izan ere, langile klasearen baldintza materialen defentsan, hori da aukera bakarra". "Doako eta kalitatezko etxebizitza unibertsala" aldarrikatu du Kontseilu Sozialistak, eta azpimarratu du hori lortzeko "ezinbestekoa" dela "antolakuntza komunista artikulatzea eta hedatzea".

Ukrainari arma gehiago ematea adostu du Europar Batasunak
Neurri sorta bat onartu dute Europar Batasuneko Kanpo ministroek; besteak beste, Ukraina armaz hornitzen jarraitzea eta Errusiari zigor gehiago jartzea erabaki dute.