AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ekoizpena etetea lortu dute Gasteizko Mercedes Benzeko langileek

Zuzendaritzak ez ditu bete Covid-19 birusaren kutsatzea ekiditeko segurtasun neurriak, beharginek salatu dutenez. Hala, goizetik ekin diote plantoari, ekoizpen katearen erdian eserita, eta lantokiko jarduna etetea lortu dute. 14:00etatik aurrera geldituko dute, ofizialki, Gasteizko Mercedes Benzeko jarduna.

Gaur, martxoak 16, Gasteizko (Araba) Mercedes Benz lantokiko ekoizpena gelditzea lortu dute beharginek, goizean goizetik plantoari ekinda. Arabako Alea-k jakinarazi duenez, ekoizpen lerroaren erdian eseri eta jarduna etenarazi dute, Covid-19 birusaren hedapenaren harira, enpresak segurtasun eta babes neurriak betetzen ez dituelako. Azpikontratatutakoak gehituta, 10.000 langile biltzen ditu Gasteizko Mercedes Benzek.

Beharginek atzo bertan salatu zuten lanean "ekidinezina" dela beharginen arteko kontaktua, eta gainera, dagoeneko muga jo zutela zuzendaritzaren baliabideek: alkohol-banatzaileak eta komuneko xaboi-banatzaileak hutsik zeuden atzo, komuneko papera amaituta zegoen, eta eremu komunen desinfekzio maiztasunak txikia izaten jarraitzen zuen.

Geldirik

Gaurko zuten hitzartuta bilera bat langileen batzordeak eta enpresako zuzendaritzak, 10:30erako, baina atzeratu egin da. Langileek goizetik egindako plantoa eta gero, enpresak jakinarazi du 14:00etatik aurrera etengo duela lantegiko jarduna, eta aurki jakinaraziko dituela xehetasun gehiago.

Emilio Titos zuzendariak gaur goizean adierazi du ez duela fabrika gelditzeko "eskumenik", eta hautu hori Alemanian kokatutako zuzendaritzarekin adostu beharko litzatekeela.

Correoseko beharginek adierazi dute ez direla lanera joango babeserako materialik jaso ezean
Etengabeko arriskuan daudela salatu dute Correoseko langileek, zuzeneko harremana eta kontaktua dutelako pertsona ugarirekin zein eskutik eskura erabiltzen den materialarekin, babeserako inolako baliabiderik eta neurririk gabe. Enpresari eskatu diote lana modu seguruan egin ahal izateko beharrezko materiala bermatzea; bestela, bertan behera utziko dute jarduna.