AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

"Elektrizitate krisia" ezarri du Espainiako Gobernuak, itzalaldi handiaren ostean

Larrialdien Plan Nazionalean "zorigaiztoko" gisa tipifikatutako krisiak Europako Batzordea informatzera eta kudeaketa- eta segurtasun-neurri bereziak aktibatzera behartzen du.

Espainiako Estatuko Segurtasun Nazionaleko Kontseiluak "elektrizitate krisia" ezarri zuen atzo, eguerdian Iberiar Penintsula osoan argindarra itzali ostean. Hala jakinarazi zuen arratsaldean Pedro Sanchez presidenteak Moncloan egindako agerraldian, galderak egiteko txandarik eman gabe. El País-ek gogorarazi duenez, krisi-egoera hori deklaratzeak berekin dakar Europako Batzordeari eta inguruko herrialdeei "alerta goiztiar" baten berri ematea, Europar Batasunaren 2019/41 zuzentarauaren arabera. Atzoko itzalaldiaren ondorioz, 15 gigawatteko potentzia galdu zen bat-batean Espainiako Estatu osoan, hau da, une horretako eskari elektrikoaren %60.

Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioak kudeatutako Espainiako Elektrizitate Krisiei Aurre Egiteko Prestakuntza Planak jasotzen duenez, krisiak sailkatzeko orduan, "hutsaletatik" hasi eta "zorigaiztokoetaraino" heltzen dira egoera posibleak. Horretarako, kontuan hartzen dira Hornitu Gabeko Energia (ENS, gazteleraz) eta intzidentziaren iraupena.

Oraindik ere atzoko gertakaria ofizialki sailkatu ez duten arren, El País-ek dio "orain arte erregistratutako mozketarik larriena" izango litzatekeela Espainiako Estatuan. Planean aurreikusitako agertokien artean zibererasoak, muturreko fenomeno meteorologikoak edo akats teknikoak daude, baina oraingoz ez dute jakinarazi azken itzalaldiaren arrazoia zein izan den.

Trantsizio Ekologikoko Ministerioak, Energia Politikako eta Meatzeetako Zuzendaritza Nagusiaren bitartez, krisiaren kudeaketa koordinatzen du Espainiako Sare Elektrikoarekin eta beste erakunde batzuekin lankidetzan, planean aurreikusitako prozeduraren arabera, El País-en esanetan.

Gainera, larrialdi-, osasun-, polizia- eta teknika-zerbitzuak mobilizatu ditzake Espainiako Gobernuak, hornidura berrezartzea eta pertsona kaltetuei arreta ematea bermatzeko. Behin krisia gaindituta, Moncloak txosten bat egin beharko du itzalaldiaren zergatiak, hartutako neurriak eta etorkizuneko gertakariak saihesteko proposamenak zehazteko.

Itzalaldi erraldoia Europa hegoaldean
Elektrizitate-horniduraren mozketa orokortuek Espainiako eta Frantziako estatuei eragin diete, baita Portugali ere.