Elikagaien prezioek azken hiru hamarkadetako igoerarik handiena izan dute Espainiako Estatuan
%15,2 igo da janariaren salneurria, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak supermerkatuetan egindako azken ikerketaren arabera. Produktuen %64 garestitu direla kalkulatzen da, eta supermerkatu guztietan erregistratu dira igoerak.
Urteko batez besteko aurrezkiak ez du 1.000 euroko zenbatekoa gainditzen aurten; iaz baino %7,3 gutxiago, OCUren esanetan. Produktuen %64k gora egin dute prezioan, eta %36k, berriz, behera. Prezioak supermerkatu guztietan igo diren lehen aldia da honakoa, eta saltokirik handienak izan omen dira prezioak gehien igo dituztenak. Gainera, zenbait kasu konkretutan, Kontsumorako Prezioen Indizeak (KPI) ezarritako langetatik gora kokatu dituzte salgaien prezioak; %16tik eta %17tik gora.
Azken hilabeteetan, azken 30 urteetako inflazio-mailarik altuenak erregistratu dira Espainiako Estatuan. Azpiko inflazioak ere joera argia erakutsi du, aldakorrak diren aldagaiak, esaterako elikagai freskoen prezioak, kalkulutik kanpo uzten dituen arren: abuztuan goia jo zuen azpiko inflazioaren neurgailuak, %6,4ra igo baitzen. 1993tik izan den mailarik altuena da.