AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Elkarretaratzea Leitzan, Mendialdea mankomunitateak langileen segurtasuna eta osasuna bermatu ez eta prebentzio-delegatuari jazarri diola salatzeko

Pasa den ostegunean, urriak 8, Leitzan elkartu ziren Mendialdea mankomunitateko langileak. Pairatzen dituzten segurtasun eta lan-osasun baldintzak salatzeaz gain, langileen prebentzio-delegatuak segurtasun baldintzak salatzeagatik jasan duen jazarpena gaitzetsi zuten. Besteak beste, prebentzio-delegatua kaleratzeko bidea ireki du mankomunitateak. Nafarroako beste mankomunitate batzuetako beharginak ere batu ziren protestara Leitzan.

2018. urtean, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak behartu zuen Mendialdea mankomunitatea prebentzio-jardueraren inguruko planifikazio bat egitera. Mankomunitateak plana egin zuen arren, etengabe urratu du bertan jasotakoa: kamioiak egoera txarrean daude, hondakin-ontzietan arazoak etengabeak dira, prebentzioari buruzko formazioa ukatu du, eta abar.

Arano, Areso, Goizueta, Larraun, Leitza eta Lekunberri barne hartzen ditu Mendialdea mankomunitateak, eta EH Bildu da buru gaur egun.

Langileen bizitzak arriskuan zeudela iritzita, prebentzio-delegatuak Mendialdea mankomunitateko zuzendaritzaren arduragabekeria salatu zuen Lan Ikuskaritzan. Horren ondorioz, kamioi bat geldiarazteko agindua eman zuen Lan Ikuskaritzak, baldintza desegokiak izateagatik.

Beste kamioi batek istripu larri bat izan zuen 2019an, Irurtzungo (Nafarroa) autobidean: irauli egin zen bi langile barnean egonik. Mankomunitateak istripua ikertzeari uko egin zionez, bigarrenez Lan Ikuskaritzan salatu zuen gertatutakoa prebentzio-delegatuak.

Foruzaingoaren azken hilabeteetako salaketak ere gehitu behar dira: gurpil gastatuak, legez kanpoko egiturak kamioietan, kamioien likido galerak pandemia garaian, eta abar.

JAZARPENA PREBENTZIO-DELEGATUARI

Mankomunitateak, gainera, diziplina espedientea ireki zion prebentzio-delegatuari, kaleratzeko bidea irekiz. Horretarako, mankomunitateak, esaterako, diru publikoa erabili du langilearen bizitza pribatua zelatatzeko. Beharginek diotenez, "kontaketa bat eraiki nahi izan dute prebentzio-delegatuaren kanporaketa lortzeko".

Hurrengo asteetan mobilizazioekin jarraituko dute Mendialdea mankomunitateko zein Nafarroako beste mankomunitateetako (Iruñerria, Sakana, Jurramendi, Irati, Moncayo...) langileek, segurtasunaren eta lan-osasunaren alde, eta Mendialdea mankomunitatearen jarreraren eta prebentzio-delegatuaren kaleratzearen aurka.

Aske gelditu da Ibon Muñoa preso politikoa
20 urte egin ditu espetxean preso politiko eibartarrak.