AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Elkarretaratzeak egin dituzte IQM-ko osasun-langileek, haien lankide baten hilketa salatzeko

Aurreko larunbatean, Zorrotzaurreko IMQ klinikako langile bat zendu zen Gurutzetako Ospitalean, koronabirusak jota. Hildakoaren lankideek protestak egin dituzte gaur IMQ-ren hainbat zentrotan, eta hilketaz gain, babeserako neurri falta salatu dute. Salbuespen egoera hasi zenetik, gutxienez bi osasun-langile erail dituzte Euskal Herrian.

Gaur, hilak 6, IMQ-ren hainbat zentrotan elkarretaratzeak egin dituzte osasun-langileek, hala nola, Bilboko (Bizkaia) Zorrotzaurre eta Andre Maria Zuria kliniketan. Izan ere, iragan larunbatean haien lankide bat zendu zen Gurutzetako Ospitalean (Bilbo, Bizkaia), Covid-19 birusak jota. Gestlab, Zorrotzaurreko IMQ, Andre Maria Zuria, IMQ Erradiologia eta Gizatze zentroetako langileen batzordeek egin dute bat gaurko protestarekin, eta erailketa salatzearekin batera, babeserako neurri falta salatu dute.

Batzordeek, hala, "arduraz jokatzeko" eskatu diete IMQ taldeari nahiz Zorrotzaurreko eta Andre Maria Zuriko zuzendaritzei, langileen segurtasuna eta babesa berma ditzaten. Izan ere, azaldu dute egun indarrean dauden prebentziorako eta babeserako neurri indibidualak ez direla nahikoak.

Espainiako Gobernuak alarma egoera ezarri eta hogei egunera koronabirusa zuten hainbat pertsona mugitu zituzten IMQ zentroetara, Osakidetzatik. Hala ere, osasun-langile batzuei oraindik ez dizkiete testak egin. Osasungintza-arloko sektore guztietako beharginak kontuan hartzeko eskatu dute langileen batzordeetako kideek.

Salbuespen egoera hasi zenetik, gutxienez, bi osasun-langile erail dituzte Euskal Herrian. Aurreko asteko hilketaren aurretik, martxoaren 19an zendu zen Osakidetzako erizain bat Basurtuko Ospitalean (Bizkaia), Covid-19aren eraginez.

Espainiako Armadako militarrek Nafarroako hainbat herri hartu dituzte egunotan
Iragan ostiralean, udaltzainek eta Espainiako Poliziak lagunduta, Iruñean patruilan ibili ziren militarrak. Larunbatean, aldiz, iparraldera jo zuten: Beran, Etxalarren nahiz Ezkarotzen ikusi zituzten. Atzo, igandea, Lizarrako kaleak hartu zituzten. Salbuespen egoeran, estatuko beste hamaika txokotan sartu da Espainiako Armada, tartean, Gasteizen. Frantziako Armadak ere esku hartu du dagoeneko, eta besteak beste, Baionan hedatuko dela iragarri zuten martxoan.