AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Emakume bat erail du bere bikotekide ohiak Gasteizen

Gasteizko apartahotel batean hilik topatu zuten atzo 32 urteko emakumea. Haurdun zegoen, eta hiru urteko alaba bat zuen; ordu luzez egon zen hildako amaren gorpuaren ondoan. Duela bi aste baino gutxiago, beste emakume bat hil zuen bere bikotekide ohiak Orion.

Berri lazgarri batek hautsi zuen atzoko arratsaldea: 32 urteko emakume bat hilik aurkitu zuten Gasteizko (Araba) apartahotel batean, indarkeria zantzuekin. Ondoan zegoen hiru urte inguruko alaba, apartahoteleko logelan: ordu luzez izan zen hildako amaren gorpuaren alboan, itxura denez, larunbatean erail baitzuten andrea. Hori gutxi balitz, haurdun zegoen emakumea, eta badirudi bi bikiren esperoan zegoela.

Nahiko hasieratik lotu zuten erailketa indarkeria matxistarekin, eta gerora baieztatu zuten: andrearen bikotekide ohiak urruntze-agindu bat zeukan ezarrita, eta desagertuta zegoen une horretan. Iluntzean Zaragozan atxilotu zuten gizona, ibilgailu batean Valentziara ihes egiten ari zela.

Zenbait hedabideren arabera, emakumea Valentzian bizi izan zen duela gutxira arte. Dena den, bikotekide ohiaren partetik jasandako indarkeria matxista zela-eta, "muturreko arriskuko babesa" jarri zioten. Aurreko astean mugitu omen zen Arabara, baina ez zioten "muturreko arriskuko babesa" ezarri, nora tokialdatu zen sekretupekoa zelakoan.

Bi erailketa bi astean

Duela bi aste eskas, maiatzaren 16an, beste emakume bat erail zuen bere bikotekide ohiak, Orion (Gipuzkoa). Gizonak tiroz hil zuen 47 urteko andrea, eta bere buruaz beste egin zuen gero. Urtea hasi zenetik, Euskal Herrian bi erailketa matxista atera dira argitara, eta hilabete berdinean gertatu dira biak.

Anoetan familia bat etxegabetzen saiatu dira
Inolako jakinarazpenik gabe bertaratu eta sartu zen Ertzaintza familiaren etxera; une horretan adingabe bat bakarrik zegoen bertan. Tolosaldeko Etxebizitza Sindikatuak azaldu duenez, kaleratua izateko arriskuan jarraitzen du familiak.