AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Emakume bat erasotu du bikotekideak Donostian, eta osasun-zentro batean artatu behar izan dute

Donostiako hotel batean jaso da erasoa, senar-emazteak eztei-bidaian zeudela. Osasun-zentro batean artatu behar izan dute emakumea; zauriak zituen aurpegian, eta hematomak beso batean zein hanka batean.

Asteazkenean, irailak 4, emakume bat erasotu zuen haren bikotekideak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, Donostiako (Gipuzkoa) hotel batean izan zen erasoa, senar-emazteak eztei-bidaian zeudela. Ertzaintzak abisu bat jaso zuen, bikotekideen arteko "istilua" zela-eta.

Bertaratu zirenean, hoteleko segurtasun zaindariarengana jo zuten, eta hark azaldu zien emakumea erasotu zuela senarrak, baita hark hoteleko gelatik ihes egin zuela ere, laguntza eske. Osasun-zentro batean artatu behar izan zuten erasotutako emakumea; zauriak zituen aurpegian, eta hematomak beso batean zein hanka batean.

Ertzaintzak 41 urteko erasotzailea atxilotu zuen, genero indarkeria delitua egotzita. Ertzain-etxera eraman zuten, eta gero, Donostiako Epaitegiaren esku utzi zuten.

Beste eraso bat Gasteizen

Egun berean, beste emakume bat erasotu zuten Gasteizen (Araba); bikotekideak labanaz mehatxatu zuen bien etxebizitzan. Ihes egitea lortu zuen erasotutako emakumeak, semearekin batera. Kalean atxilotu zuten erasotzailea, eta gainean zeraman labana.

Aste Nagusia gogora

Sexu erasoen aurkako aldarriak hartu zuen Donostia iragan Aste Nagusian. Izan ere, abuztuaren 14an Donostiako Piratek salatu zuten gutxienez hamaika eraso izan zirela azken 24 orduetan, eta bertan behera utzi zuten egun osoko egitaraua. Milaka pertsona atera ziren kalera, Erasotzaileak, zuen jaia amaitu da lelopean.

Marixol Iparragirre, Paristik Soto del Realera
Atzo Espainiaratu zuten Marixol Iparragirre. Abuztuaren 27an zigorra amaitu zuen arren, oraindik Frantziako Estatuan zuten preso, Auzitegi Nazionalak eskatuta Espainiaratu bitartean. Atzo eraman zuten Auzitegi Nazionalera, eta bertan, Espainiako Estatuak egozten dizkion delituak jakinarazi zizkioten.