AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Emakume langileen interesen defentsara dei eginez, mobilizazio jendetsuak egin zituen Itaiak atzoko egunez

Martxoak 8 zituen atzo, eta Itaiak mobilizazioak egin zituen hainbat hiriburu eta herritan. Milaka pertsona irten ziren kalera emakume langileen interesen defentsan, eta "antolakuntza propioa garatzeko" beharra aldarrikatu zuten. Atzoko protestetan lege burgesa eta, orokorrean, burgesia seinalatu zuten Itaiako kideek; izan ere, azaldu zuten hark "ardura" zuzena daukala emakume langileen bizi-baldintzetan, esplotazioan eta zapalkuntzan, "berdintasunaren" aldeko "itxurakeriara" jotzen duen arren.

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak mobilizatzera dei egin zuen atzorako, Emakume Langilearen Nazioarteko Eguna. Epaitegi, komisaldegi, banketxe zein aldundien egoitzen aurrean elkartu ziren milaka pertsona, eta Itaiako kideek adierazi zutenez, "lege burgesak emakume langileon bizi-baldintzetan duen erantzukizuna seinalatzea" zen helburua, bai eta emakume langileen interesen defentsan "antolakuntza politikoa garatzeko urgentzia azpimarratzea" ere.

Bezperan, martxoak 7, Baionan (Lapurdi) nahiz Ondarroan (Bizkaia) elkarretaratzeak egin ostean, atzo mobilizazio jendetsuak izan ziren beste hainbat txokotan. Besteak beste, Azpeitian (Gipuzkoa), Beasainen (Gipuzkoa), Bergaran (Gipuzkoa), Bilbon (Bizkaia), Donostian (Gipuzkoa), Gasteizen (Araba), Irunen (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Lizarran (Nafarroa) nahiz Tolosan (Gipuzkoa) egin zituen deialdiak Itaiak. Zenbait kasutan, ibilbide propioak egin eta gero, manifestazio orokorretara batu ziren.

Ardura, itxurakeriaren atzean

"Instituzio burgesek zein alderdi instituzionalek berdintasunaren izenean egiten duten erradikaltasun saiakera" gaitzetsi zuen Itaiak atzoko mobilizazioetan. Ohartarazi zuen "burgesiak, zapalkuntza mantentzea ezinbesteko duen klase posizioak hala behartuta", beharrezkoa duela "berdintasun formalaren aldeko aldarria lau haizetara zabaltzea". Horren aurrean, Emakumeen Antolakunde Sozialistak ezinbestekotzat jo du "itxurakeria" horretaz ohartzea eta emakume langileek bizi duten "esplotazioan eta zapalkuntzan" burgesiak daukan "ardura" seinalatzea.

Emakume langileen beharrak "lehen lerroan jartzea" eta haien "interesak defendatuko dituen antolakuntza propioa garatzea" ezinbestekoa da Itaiako kideen esanetan, eta funtsezko zeregin gisara egin diote azpimarra "konpromiso osoz lan egiteko borondatea izango duen espazio politikoa indartzeari".

Gasteizko campusean izango da aurtengo Herri Unibertsitate nazionala, martxoaren 16tik 17ra
Aurten ere, "zailtasunak zailtasun", Herri Unibertsitate nazionala izango dela baieztatu du ikasle mugimenduak. Bi egunetarako egitaraua aurkeztu dute jada, hitzaldi, mahai-inguru zein kultur jarduerekin. Gonbidatuen artean izango dira, besteak beste, Ekida kultur ekimen sozialista, Itaia, Herrialde Katalanetako SEPC ikasle sindikatua zein Arran gazte antolakundea, Miren Etxezarreta ekonomialaria eta Juan Iñigo Carrera pentsalari argentinarra.