AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Emakume Langileon Eskolak jarri ditu martxan Itaiak hainbat txokotan

Emakume langileek gaitasun teoriko eta politikoak garatzea da proiektuaren helburua. Momentuz, Donostian, Iruñean, Bidasoan, Tolosaldean, Urola Erdian eta Oarsoaldean ekingo diete saioei.

"Proletalgo femeninoaren despolitizazioari" eta "emakume langileok sistema kapitalistan betetzen ditugun funtzioek dakarten isolamendu politikoari" aurre egiteko beharra nabarmendu du Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak. Horrek guztiak burgesiarentzat betetzen dituen funtzioak seinalatu ditu, gainera: "Batetik, langile klasearen erdia gaitasun politikorik gabe uztea, eta bestetik, langile klaseko kideon arteko banaketari jarraipena ematea".

Itaiako kideek azpimarratu dute beharrezkoa dela emakume langilea, gaurdanik, "bere emantzipazio prozesura batzeko militante aktibo bilakatzea", eta horretarako beharrezkoak diren gaitasun teoriko eta politikoak lortzeko bidean, pausoak emateko sortu dituzte Emakume Langileon Eskolak.

Formakuntza eta hausnarketa politikorako saioen bidez egingo dituzte lanketak Emakume Langileon Eskoletan, eta zenbait hiriburutan eta eskualdetan prestatu dituzte egitarauak dagoeneko; hain justu, Donostian (Gipuzkoa), Iruñean (Nafarroa), Oarsoaldean (Gipuzkoa), Tolosaldean (Gipuzkoa), Urola Erdian (Gipuzkoa) eta Bidasoan (Gipuzkoa).

Alegian (Tolosaldea, Gipuzkoa) aurreko igandean izan zuten Emakume Langileon Eskoletako lehenengo saioa: Auzi femeninoaren inguruan hausnartzen. Toki gehienetan, ordea, asteburu honetan izango dute aurreneko saioa: Salda Badago jardunaldi feministetan Itaiako kide Nadia Perezek egindako adierazpenak landuko dituzte Hondarribian (Bidasoa, Gipuzkoa), Azpeitian, Azkoitian eta Zestoan (Urola Erdia, Gipuzkoa), eta "gaur egungo testuingurua ulertzeko gakoak" aztertuko dituzte Donostian eta Txantrean (Iruñea, Nafarroa), besteak beste.

Goierri eskualdean (Gipuzkoa) ere izan zuten martxan dinamika berdintsu bat aurreko ikasturte politikoan, "emakume langileon ahalduntze politikoa" helburu nagusitzat hartuta.

Hego Euskal Herrian 3.000 langabe gehiago erregistratu dituzte hirugarren hiruhilekoan
Langabezian dauden 1.400 pertsona gehiago zenbatu dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta 1.600 gehiago Nafarroan. Lan-kontratu berrien kopuruak ere gora egin du, baina behin-behinekoak dira kontratu horien %25.