AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Emantzipa dirulaguntzaren aurrekontuaren %19,55 baino ez dute banatu

2024rako aurreikusitako 53 milioietatik 10,36 soilik ordaindu dira, eta diru hori 15.000 pertsonak jasotzeko aurreikuspena bazegoen ere, 6.173k soilik eskatu ahal izan dute.

Lehen urtean, 2024an, gauzatze-maila oso baxua izan du EAEko Emantzipa programak. 25 eta 29 urte arteko gazteei hilean 300 euroko laguntza emateko sortu zuten, teorian, haiei emantzipatzen laguntzeko. Jaurlaritzaren aurrekontu orokorretatik bideratutako 53 milioi euroetatik, 10,36 milioi eurokoa baino ez da izan ordaindutako zenbatekoa; hau da, esperotakoaren %19,55. Gobernuak aurrez 15.000 eskaera aurreikusi zituen arren, 8.285 baino ez omen ditu jaso, eta haietatik 6.173 izan dira azken instantzian laguntza jaso ahal izan dutenak.

Emaitza horien aurrean, gobernuaren erantzuna argia izan da. 2024ko azaroan iragarri batzuen ere 2025ean mantendu egingo zuela 53 milioi euroko aurrekontua, 25 milioi eurora jaitsi du orain (hasieran zehaztutakoaren %47). Zenbateko horren zati bat, gainera, aurreko ekitalditik ordaintzeke dituen zorrei aurre egitera eta etorkizuneko deialdiei begira ezarritako "konpromiso-kredituekin" laguntzera bideratuko du, errealki, eskakizun berriei erantzuteko diru kantitatea are gehiago murriztuz.

Bestalde, laguntza jasotzeko baldintza guztiak betetzea askorentzat ezinezkoa dela ikusita, Jaurlaritzako Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko sailburu Nerea Melgosak aurreratu du, aurten, igo egingo dutela eskatzaileen errenten gehieneko muga. Laguntza eskatzen duena pertsona bakarra bada, eduki ahal izango duen gehienezko soldata gordina urtean 28.000 eurotik 30.000 eurora igaroko da; eta bikoteen kasuan, 34.000 eurotik 36.500 eurora, bien artean. Bi kasuetan, 3.000 eurotik gorako diru-sarrerak deklaratu beharko lituzke laguntza eskatzen duen pertsona bakoitzak. Horrez gain, adin-tartea 36 urtera arte zabaltzeko asmoa adierazi dute, nahiz eta ez duten aipamenik egin laguntzaren bi urteko iraupena luzatzeaz edo bestelako baldintzez.

Trapagaranen, pertsona migratu batzuk jazartzen ari dira
"Segurtasuna" aldarrikatzea aitzakiatzat hartuta, abandonatutako eraikin batean bizi diren 30 bat lagun kriminalizatzen ari dira. Bihar haiek seinalatzeko manifestazio bat izango da, eta badirudi udalak laster botako dituela euren bizitokitik.