AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ermuako Udala pertsona migratzaileak jazartzen ari da

Erroldatzeetako "irregulartasun" posibleak aitzakiatzat hartuta, immigratu duten pertsonak mehatxatzen eta haien etxeetara Polizia bidaltzen ari da udala.

Ermuako (Bizkaia) hainbat kolektibok, tartean Deba Bailarako Etxebizitza Sindikatuak, jakinarazi dute pertsona migranteen aurkako "bazterketa-eragile" gisa jokatzen ari dela Ermuako Udala (PSOE-EAJ). Izan ere, kasu askotan ez da erroldatzeko derrigortasuna betetzen ari, eta migratzaileak seinalatzen eta mehatxatzen ari da, erroldatzeetako "irregulartasun" posibleen aitzakiapean.

Joan den urtarrilean, Abiapuntuko bulegoetan idatzizko mezu bat jarri zuen udalak. Immigratutako pertsonak kriminalizatuz, mehatxu bat zeraman mezuak: erroldatzeetan "irregulartasunak" topatuz gero, zigor ekonomiko eta penalak ezar zitezkeela zioen. Eta mehatxu hori, gainera, kontrol polizialaren bidez indartu du udal-gobernuak: hainbat eta hainbat pertsonaren etxeetara bidali du Polizia, teorian, erroldatzeak eta horietan jasotako datuak egiaztatzeko.

"Neurri errepresibo horrek, pertsonen intimitatea urratzeaz gain, ez du ezer frogatzen: une jakin batean [etxean] egotea edo ez egotea ez da bizilekuaren froga", dio Ermuako kolektiboek argitaratutako oharrak. Seinalatzen dute halako neurriek "beldurra sustatzen" eta "oinarrizko eskubideak (osasuna, hezkuntza eta gizarte-laguntzak) eskuratzeko aukera murrizten" dutela; eta gogorarazi dute, gainera, "errolda ukatzea eskubideak ukatzea" dela.

Urtarrilean, emakumeen aurkako 565 indarkeria kasu salatu zituzten EAEn
Soilik hilabete horretan, egunean hemezortzi salaketa aurkeztu zituzten, batez beste.