AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Erresistentzia kutxa sortu dute Bilbon kale-saltzaile modura aritzen diren senegaldarrek

Koronabirusaren hedapenak piztutako krisiak "gogor eragin" diela adierazi dute Bilboko kaleetan saltzaile gisara aritzen diren migratzaile senegaldarrek; hala, haien "eskubideak defendatzeko antolatu" dira. Momentuz, erresistentzia kutxa jarri dute martxan, alokairuak, hornidura eta mantenua ordaindu ahal izateko, nahiz senideei laguntzeko. Bizileku-baimena lortzeko exijitzen dizkieten baldintzak ezinezkoak direla ere salatu dute, are gehiago, orain kalean salmentarik egin ezin dutela.

Argia-k jakinarazi duenez, Bilboko (Bizkaia) kaleetan saltzaile modura jarduten duten migratzaile senegaldarrek erresistentzia kutxa jarri dute martxan, alokairuak, hornidura eta mantenua ordaindu ahal izateko, nahiz haien senideei laguntzeko. Izan ere, Covid-19 birusaren hedapenak sortutako krisiak modu bortitzean eragin die kale-saltzaileei ere, ezin baitute kalean inolako salmentarik egin.

Lanean segitu ahal izateko eta bizileku-baimena lortzeko edo mantentzeko baldintzak gogorrak direla salatu izan dute, tartean, haientzat "ezinezkoak" diren diru kopuruak kotizatzea. Orain alarma egoera indarrean dela eta kalean saltzaile aritu ezin dutela, are handiagoa da ziurgabetasuna.

Gipuzkoan bizi diren migratzaile gazteek ere hilabete honetan salatu dute ezinezkoak direla egoitza-baimena eskuratzeko exijitzen dizkieten baldintzak, prentsaurreko bidez.

Kutxa abian

Erresistentzia kaxan bildutako diru guztia Bizkaian lan egiten duten kale-saltzaileen artean banatuko dute, beraz, larrialdiei aurre egin ahal izateko. Bizkaiko SOS Arrazakeriaren izenean dagoen kontu korrontean jasoko dituzte ekarpenak: ES67 2095 0005 1838 3074 5829.

Hamar urte borrokan

Argia-k argitaratu duenez, migratzaile senegaldarrek hamar urte daramatzate antolatuta, eta oraingoan ere bide horri heldu diotela diote: "Jende langile eta borrokalaria gara eta gure eskubideak defendatzeko antolatu gara". Salbuespen egoerak eta ezarritako neurriek "gogor eragin" dietela diote, "beste kolektibo prekarizatu eta baztertu askori gertatzen ari zaien gisan".

Barakaldoko Udalak etxerik gabeko emakumeen aterpetxe bat itxi nahi duela ohartarazi dute
Zazpi erabiltzaile ditu aterpetxeak egun; tartean, genero indarkeria jasandako emakumeak daude. "Bakartzea kalteak eragiten ari da emakumeen lan baldintzetan, bizi kalitatean eta indarkeria matxista jasateko arriskuan", adierazi du Argitan elkarteak. Salbuespen egoeran, EAEn gora egin dute indarkeria matxista kasuek.