AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Erretiroa atzeratzea sarituko du Espainiako Gobernuak

Sei alde arautuko ditu jubilazioari buruzko erreforma berriak, erretiroak "malgutzeko" eta "pentsioaren eta lanaren arteko bateragarritasuna sustatzeko". Erretiro partzialak, aktiboak eta atzeratzeak sustatu nahi dituzte: langileek pentsioa jasotzen duten bitartean lanean jarraitzea bilatzen du erreformak.

Espainiako Estatuan, erretiroa hartzeko adina 66 urte eta sei hilabetean dago ezarrita gaur egun; baina, 2027tik aurrera, 67 urte eduki beharko dira jubilazioari lotutako prestazioa eskatu ahal izateko. Udan zehar biltzen aritu dira Espainiako Gobernua, patronala eta sindikatu nagusiak, Pedro Sánchez presidentearen hitzetan, "pentsioaren eta lanaren arteko bateragarritasuna sustatu" eta "jubilazioa malgutuko" duen erreforma bat adosteko.

Azaldu dutenez, sei alde nagusi arautuko ditu Inklusio, Gizarte-Segurantza eta Migrazio Ministerioaren erreforma berriak, eta horietatik hiruk erretiroa atzeratzeko xedea dute.

Alde batetik, erretiro aktiboa arautuko du erreforma horrek. Hala, erretiro aktiboa hautatzen duten langileek pentsioaren %50 kobratuko dute, euren lan-ordainsariarekin batera. Erretiro aktiboa luzatzen duten heinean, pentsiodunek ordainaren ehuneko altuagoa jasoko dute, eta bost urteren ondoren, pentsioaren %100 eskuratuko dute.

Erretiro atzeratua eta partziala sustatzeko pizgarriak ere martxan jarriko dituzte. Jubilazioa atzeratuz gero, langilearen pentsioa %2 igoko du Gizarte-Segurantzak. Erretiro partziala aukeratuz gero, aldiz, langileek %75era arte murriztu ahal izango dute lanaldia, pentsioa jaso bitartean.

Jaurlaritzak berriz jarri du zalantzan Ertzaintzak Donostian emakume bat zauritu izana
Bingen Zupiriak esan du ezin dela "ziurtatu" andrea Poliziaren foam jaurtigai batek zauritu zuenik. Ertzainek burualdean jo zuten jaurtigaiarekin, eta agenteetako batek ostikoz kolpatu zuen lurrean zegoela.