AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Errotxapeako Gaztetxearen aurkako epaiketa izango da martxoaren 25ean, hirugarrenez

Iruñeko Udalak, La Caixak eta Juslaberrik hirugarren aldiz jarri dute martxan Errotxapeako Gaztetxearen aurkako auzibidea. Hiru kide epaituko dituzte martxoaren 25ean, eta oraingoan ere larriak izan daitezke ondorioak: 40.000 eurora arteko kostu judizialen ordaintzea eta gaztetxearen desalojoa.

Gaur jakinarazi dute noiz izango den Errotxapeako Gaztetxearen aurkako epaiketa berria: datorren martxoaren 25ean. Konpentsazio Batzarrak hirugarren aldiz eramango du auzitara Iruñeko (Nafarroa) Errotxapea auzoko gaztetxea, bertako hiru kideren aurkako auzibideari berriro bide eginez. Iruñeko Udalak, La Caixak eta Juslaberri enpresak osatzen dute Konpentsazio Batzarra.

Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, oraingo honetan ere larriak izan daitezke epaiketaren ondorioak: 40.000 eurora arteko kostu judizialen ordaintzea eta eraikinaren desalojoa.

Epaiketak epaiketa, Errotxapeako Gaztetxeko kideek adierazi dute "eraso honi eta etorriko diren guztiei aurre egiteko prest" daudela. Hala, aurki egingo dituzten deialdietan parte hartzera deitu dute. Momentuz, epaiketa egunean epaitegi aurrean elkarretaratzea izango dela iragarri dute.

Hiru urtetik gorako bidea

2016. urteko irailean birjabetu zuten Errotxapean Artika kaleko lantegi zaharra, gaztetxe bilakatzeko. 2017. urtean abiatu zuten gaztetxeko hiru kideren aurkako auzibidea, eta ordutik, etengabeko desalojo mehatxu egoerak salatu dituzte asanbladako kideek, baita eraikina "ezkutuan" hustu nahi dutela gaitzetsi ere.

Joan den abuztuan, "erresistentzia martxan jartzeko" deia egin zuen Errotxapeako Gaztetxeak, agerraldi bidez.

Espainiako Auzitegi Nazionalean deklaratu dute gaur sei pertsonak, preso politikoei egindako ongietorrien harira
Eguerdian deklaratu dute Espainiako Auzitegi Nazionalean Garazi Autor, Ikerne Indakoetxea, Jorge Olaiz, Irati Tobar, Miren Zabaleta eta Alberto Matxainek. "Terrorismoa goratzearen delitu jarraitua" leporatzen diete, eta auzia, preso politikoei ongietorriak egiteko egitura jakinik ote dagoen aztertzea da. Auzipetuta dauden beste sei pertsona ere deklaratzera deitu ditu epaileak, martxoaren 3rako.