AKTUALITATEA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA EDITORIALA KOIUNTURA POLITIKOA AGENDA KOLABORAZIOAK GEDAR TB ARTEKA ILDO POLITIKOA

Ertzaintza Bilboko Errondoko Auzo Etxera sartu zen atzo, eta kide bat identifikatu zuen

Errondoko Auzo Etxeak jakinarazi zuenez, goizean bertaratu ziren Ertzaintzaren hainbat patruila, furgoneta bat eta kalez jantzitako zenbait polizia-agente. Bilboko GKSk antolatutako jardunaldien harira sartu ziren gunera.

Atzo Errondoko Auzo Etxera sartu zen Ertzaintza. San Inazion (Bilbo, Bizkaia) dago birjabetutako espazioa, eta Ertzaintzaren hainbat patruila eta furgoneta bat bertaratu ziren goizean, baita kalez jantzitako zenbait polizia-agente ere. Gazte Koordinadora Sozialistak egun osoko jardunaldiak prestatu zituen atzorako Errondoko Auzo Etxean eta, antza, horren harira joan ziren hara polizia-indarrak. Esan zuten "segurtasun neurriak betetzen zirela bermatzea" zela haien asmoa.

Barruan zegoen kide bat identifikatu zuten ertzainek eta, horren ostean, alde egin zuten "besterik gabe". Itzuliko zirela adierazi zuten arren, ez zen hala izan, eta Bilboko GKSk antolatutako jardunaldiak egiteko aukera izan zen azkenean.

Errondoko Auzo Etxeko kideek salatu zuten ez dagoela "horrelako dispositiboa mobilizatzeko beharrik" neurriak "betetzen direla egiaztatzeko". "Indar erakustaldia egiteko eta gu guztiok beldurtzeko baino ez dira honaino etorri, beste hainbat gaztetxe eta gune autogestionatutan egin duten bezala", esan zuten.

"Badakigu langile klaseak aurrera eramandako jardun politiko eta sozial oro kontrolatu eta gelditzeko erabiltzen ari direla segurtasun neurrien aitzakia, egunero etxe kaleratzeak, lan kaleratzeak eta dirulaguntzak ukatzen dituzten bitartean", ondorioztatu dute. "Gure partetik, lanean jarraituko dugula argi utzi nahi dugu".

Kalea hartu zuten atzo Gasteizen, "etxegabetze guztiak gelditzea" aldarri
Atzo izan zen Gasteizen Etxebizitza Sindikatuak deituriko manifestazioa, eta ehunka pertsona elkartu ziren etxegabetze guztiak gelditzea exijitzeko. Ertzaintzak hasieran manifestazioa irtetea oztopatu bazuen ere, "etxebizitza doakoa, kalitatezkoa eta unibertsala" aldarrikatu zuten Gasteizko kaleetan barrena. Polizia-indarrek asteartean hustu zuten Herrandarren kaleko eraikin birjabetua, hamabost pertsona kale gorrian utziz. Zaurituak eta atxilotuak izan ziren etxegabetzea salatzeko protestetan.